Azpeitiko Errekortari Txapelketaren aurkezpena (Nerea Uranga/Hitza).
Santio Egunez, uztailaren 25ean, jokatuko da Azpeitiko zezen plazako saioa (18:30), sei zezen eta zirkuituko hamabi errekortari onenekin. Hasieran kanporaketak jokatuko dituzte, eta bukaeran, buruz burukoa. Dagoeneko sarrerak salgai jarri dituzte honako tabernetan: Pastorkua, Juantxo Txiki, Iraurgi SB, Ametsa, Harzubia, Eguzkitza, Azpeitia, Etxe Zuri, Sanjuandegin Jim Clark eta Kantoin, eta Azkoitian, Elurren.
Aurten IX. aldiz jokatuko da Azpeitian Errekortarien Txapelketa, Azpeitiko Zezen Beltz elkarteak eta Toropasion enpresak antolatuta. Iaz formatu berri bati ekin zioten, "arrakastatsua gertatu zen", eta aurten modu berarekin jokatuko dute saioa: hasieran kanporaketak, eta amaieran, buruz buruko bat.
Txapelketako formatoa
Hain zuzen, hamabi errekortari lau laguneko hiru multzotan banatuko dira aurrena; talde bakoitzak zezen bat izango du. Talde bakoitzeko bi onenak ondorengo fasera pasatuko dira. Bigarren fasean, hiru errekortariz osatutako bi talde ariko dira, eta talde bakoitzak zezen bana izango du. Azkenik, talde bakoitzeko onenek, buruz buruko finala jokatuko dute zezen baten aurrean. "Beraz, ikusleentzat erakargarria izango den kanporaketa bidezko txapelketa bat izango da", esan dute Zezen Beltzekoek. Guztira, "sei zezen bikain" izango dira Santio Egunez Azpeitiko zezen plazan, Toropasion finkakoak. Haien artean Juan Pedro Domecq jatorria duten Jimenez Pasquau eta La Campana ganadutegiko zezenak plazaratuko dira. "Guztiek ere planta ederrekoak, eta halako saioetan jokoa ematen dutenak", azaldu dute antolatzaileek.Hamabi errekortari
Hamabi errekortariak, berriz, zirkuituko momentuko espezialistarik onenak izango dira. Besteak beste, Jonatan Estebanez Peta —errekortarietan bi aldiz Espainiako txapeldun izandakoa—, Victor Holgado —bi aldiz corte puro ligako txapeldun izana—, Dany Alonso –Espainiako txapeldun aurten–, Juan Nieto kebratzailea –iaz bigarren Azpeitian–, eta Azpeitiko iazko txapeldun Paquito Murillo jauzilaria. Hamabi parte hartzaileen artean bi euskal herritar ariko dira: Sergio Valle gasteiztarra eta Mika Romero baionarra.
ERREKORTARIEN ZERRENDA:
- Sergio Valle (Gasteiz, Euskal Herria).
- Mika Romero (Baiona, Euskal Herria).
- Jonatan Estebanez Peta (Madril, Espainia).
- Victor Holgado (Zamora, Espainia).
- David Ramirez Peque (Madril, Espainia).
- Dany Alonso (Zamora, Espainia).
- Saul Rivera (Zamora, Espainia).
- Paquito Murillo (Madril, Espainia).
- Eusebio Sacristan Use (Valladolid, Espainia).
- Juan Nieto (Valentzia, Herrialde Katalanak).
- Jose Manuel Medina Zorrillo (Avila, Espainia).
- Sergio Urruticoechea (Errioxa, Espainia).