Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atzo, ostirala, Markina-Xemeinen aurka lortutako garaipenaren ostean, Uharteren kontra jokatuko du Azpeitiak eskuzko pilotako Euskal Herriko Herriarteko txapelketako finala. Datorren larunbatean, hilak 25, jokatuko dituzte norgehiagokak, Iruñeko Labrit pilotalekuan. 2 eta 1 irabazi zuten azpeitiarrek atzo itzulikoa, Bizkaian. Kadeteek eta seniorrek eskuratu zituzten Azpeitiko bi garaipenak, eta jubeniletan bizkaitarrak izan ziren nagusi. Beraz, joanekoa eta itzulikoa zenbatuta, 4 eta 2 irabazi dute kanporaketa Ilunpeko pilotariek.
Joanekoa baino estuago
Mikel Unanue eta Jon Alberdi pilotariak 22 eta 14izan ziren garaile lehen partidan. Ez zen joanekoan bezain erraza izan haientzat norgehiagoka irabaztea, eta tentsio uneak izan ziren Markina-Xemeingo Unibertsitatea pilotalekuan. Markagailuak oso berdindunta joan ziren hasieratik; esate baterako, 5 eta 5, 7 eta 7 edo 8 eta 8 berdinduta joan ziren azpeitiarrak eta markinarrak. 12 eta 11ra iritsitakoan hasi zen Jon Alberdi atzelaria konfiantzaz jokatzen, eta tantoak errazago egiten hasi ziren azpeitiarrak. 17 eta 11 jarri zen Azpeitia aurretik; 20 eta 13, ondoren; eta, esan bezala, 22 eta 14 bukatu zen kadeteen norgehiagoka.
Jubenilek, joaneko partidan bezala, ezin izan zieten bizkaitarrei aurre egin Gorka Iriarte eta Julen Egiguren jubenilek. 22 eta 7 galdu zuten Marina-Xemeingoen kontra. Hasiera-hasieratik hasi ziren Bizkaiko mutilak tantoak sakez egiten, eta aise aurreratu ziren 6 eta 0 markagailuan. 9 eta 3an joan ziren une batean, baina azpeitiarrek ez zuten aurrea hartzeko aukerarik izan proba osoan. Aldea handitzen joan ziren etxekoak, eta erraz irabazi zuten jubeniletako lehia.
Seniorren partidan erabaki zuten guztia. Joanekoan eta itzulikoan lortutako tantoekin, azpeitiarrek nahikoa zuten 11 tanto egitea finala jokatzeko, baina oso gogorra izan zen partida. 22 eta 19 irabazi zuten Ilunpeko mutilek, baina lan asko eginda. Hasieran, markinarrak hasi ziren aurretik, nahiz eta markagailuak oso berdinduta joan ziren partida guztian. 4 eta 4, 7 eta 7 edo 9 eta 9 berdinduta egon ziren Jurgi Larrañaga eta Daniel Murgiondo bizkaitarrekin. Aurretik jarri zirenean egin zituzten beharrezko 11 tanto horiek azpeitiarrek, eta 11 eta 9arekin pasatu ziren haiek finalera. Hala ere, irabazteko grinari eutsi, eta pilotan jarraitu zuten bi bikoteek. 22 eta 19a iritsi arte.
Gipuzkoako txapeldunak dira Ilunpe pilota elkarteko mutilak, Tolosaren aurka Gipuzkoako Herriartekoko finala irabazi ostean. Oraingoan, datorren larunbatean, Euskal Herriko finala jokatuko dute Labriten. Nafarroako txapelduna izango dute parez pare, haiek ere 4 eta 2 irabazi baitute Gasteizen kontra. Badirudi lehia estua izango dela datorren astean ere.
[gallery ids="157589,157591,157590,157588,157587,157586,157585,157578,157579,157580,157581,157582,157583,157584,157577,157575,157573,157572,157571,157564,157565,157566,157567,157568,157569,157570,157563,157562,157561,157560" orderby="rand"]