Hamar urte lanean, herri sozialagoaren alde

Urola Kostako Hitza 2015eko uztailaren 17a

Hamargarren urteurrena ospatuko du bihar Azpeitiko Gaztetxeak, dagoeneko herrian erreferentea den baltsa jaitsierarekin. Garaiak aldatzen ari badira ere, baloreei eusten jarraitzen diote bertako kideek.

Hamar urte bete ditu Azpeitiko Gaztetxeak, eta bihar ospatuko dute urteurren jaia. Urtero bezala, baltsa jaitsiera egingo dute herriko gazteek; eta, ondoren, bazkaria eta kontzertuak izango dira. Hamar urtean, hamaika une gozo bizitakoak dira herriko gazteak, eta atzera begira jarri da Xabier Otamendi Gaztetxeko kidea. Anaiarekin joan zen lehen aldiz Gaztetxera: «Inauguratu baino hamabost egun lehenago joan nintzen tokia ikustera. Hutsa zegoen, eta muralak margotzen ari ziren. Oroitzapen polita dut», esan du. Gaztetxeko kide ez bazen ere, inaugurazioan izan zen Otamendi, eta aisiari lotutako ekitaldietan parte hartzen hasi zen. Lehen bi urteetan noizbehinka joaten zela azaldu du: «Hasieran ez nuen inor ezagutzen han, baina azkenean lagun egin nituen guztiak».

Taldeko lana

Gaztetxearen sorreran, duela hamar urte, erabaki zuten lana taldeetan egitea, eta molde horrekin jarraitzen dute oraindik ere; aldaketak aldaketa. Komunikazioa, azpiegituren taldea eta Gaztetxeko talde eragileak jarraitzen dute orain, sarri-sarri biltzen. 30 lagun inguru batzen dira denera, gutxi gorabehera. Azpeitiko Gaztetxeak baditu bere egin dituen ekitaldi batzuk, urtez urte errepikatzen direnak, eta dagoeneko herrian errotuta daudenak. Bihar ospatuko duten jaia, urteurren festa, da horietako bat. Horrez gain, eskalada txapelketa, bertsio gaua, gazte astea eta garagardo azoka ere erreferente dira Azpeitian: «Horiei eutsita, bost edo sei ekitaldi gutxienez izaten ditugu». Berrikuntzei ere bide ematen diete, ordea, Gaztetxean. Azken egitasmo arrakastatsua jantoki begetarianoarena izan da. «Boluntario gisa aurkeztu ziren batzuk, eta haiek eman diote martxa jantokiari. Gainera, horrekin lortu dugu hain gazteak ez diren herritarrak ere gerturatzea».

Autofinantzaketa

Gaztetxeak balore jakin batzuekin bat egiten badu ere, «beharrezkoa» du finantzaketa aurrera egiteko: «Kontsumoaren aurka gaude, baina lanean jarraitzeko ez dugu beste aukerarik». Hori dela-eta, ekitaldi batzuk aprobetxatzen dituzte lan egiteko dirua izan dezaten. Garagardo Azoka da nagusia, eta jantoki begetarianoa ere bai orain: «Barra eta saninazioetako txosna ere hor ditugu». Hala ere, argi dute Gaztetxeak izan behar duela beste eredu baten erakusle: «Guk ahalik eta prezio baxuenak jartzen ditugu, edonork izan dezan hona etortzeko aukera».

Proiektu kulturalak

Hamar urteotan presentzia izan du kulturak ere Azpeitiko Gaztetxean. Horren erakusle dira Masustak Liburutegi Askea eta zine foruma. «Masustak Liburutegi Askeak ez du, agian, oihartzun handirik izan herrian, baina oso interesgarria da. Izan ere, edonork erabil ditzake bertako liburu eta diskoak, eta oso txukun ordenatuta daude». 1.000 produktutik gora biltzen dituzte liburutegi horretan, eta honako helbidean kontsulta daiteke zer dagoen bertan: masustak.blogspot.com.es. Filmez gain, proiektoreak ere badira han, eta bertan pelikulak ikusteko aukera dute herritarrek. «Une batean hori ikusi genuen Gaztetxea herrira zabaltzeko aukera gisa. Kamisetak eta egutegia ere horretarako sortu genituen, gure lekutik irten, eta beste batzuengana iristeko», azaldu du Otamendik. Erronkei erantzun nahian Gaztetxean eta gazte mugimenduan, oro har, hausnarketa egin behar dela ikusten du Otamendik. «Eztabaida egitea ona da, eta ikusi behar dugu nolako Gaztetxea nahi dugun, nolako gazteria», esan du. Hasietatik eta gaur arte «herri hobea» sortzeko helburua izan du Azpeitiko Gaztetxeak: «Eragileekin elkarlanean Azpeitia sozialagoa nahi genuen lortu, orain ere bai». Autogestioa dute ardatz, eta lanean jarraituko dute. Lanean jarraitu aurretik, baina, arnasa hartu eta Gaztetxearen izaeraz gozatzeko aukera izango dute bihar herritarrek: 11:00etan baltsa erakusketa egingo dute plazan, eta 12:00etan izango da jaitsiera Urola ibaian. 14:30ean bazkaria egingo dute, eta ondoren izango da kalejira. 22:30ean, mokaduaren ostean, The Frankys eta Tommy Gunen kontzertuez gozatuko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide