Azpeitiko auto klasikoen rallya egingo dute larunbatean

Urola Kostako Hitza 2015eko uztailaren 15a

(Lagun Artea) Azpeitiko auto klasikoen XII. rallya egingo dute larunbatean, 25 urte baino gehiago dituzten autoekin. 11:00etan hasiko da lehia, Euskal Herria auzoko plazatik, epaitegi paretik. Erlojupeko zazpi zati osatu beharko dituzte parte-hartzaileek; guztira 229 kilometro izango ditu ibilbideak, eta horietatik 199 izango dira erlojupekoak. Parte-hartzaile ugari izango ditu probak; gehien bat, Arabakoak, Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak. Antolatzaileek azaldu dutenez, garrantzitsuena ez da izango abiadura proba horretan, gidariaren eta kopilotuaren abilezia baizik. Izan ere, antolatzaileek hala ezarrita, orduko 50 kilometroren langa ezin izango dute pasatu haiek. Horrez gain, nabarmendu dute auto horiek ez dituztela gaur egunekoek bezalako "erosotasunak"; aire girotua, esate baterako, ez dute izango. Joxe Labaka eta Aitor Otaegi dira parte hartuko dutenetako batzuk, 1987ko Citroen Visa GTI batekin. Orain arte izena eman dutenen artean, faboritoen artean kokatu dute etxeko bikotea Lagun Arteakoek, Txema Foronda eta Pilar Rodesekin (1985eko Panther Kallista) eta Nacho Bañares eta Alfonso Oiarbiderekin (1981eko Seat 31) batera. Orain arte izena eman dutenen artean autorik zaharrenak 1970eko bi dira: Marcelo Rodriguezen Renault 8-a eta Ramon Marijuanen Mercedes 250C-a. Porsche, BMW eta Ford etxeetako klasikoak ere ez dira faltako zapatuko rallyan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide