Inaziotar Bidea indartzeko apustua egin dute erakundeek

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko uztailaren 15a

(E. Albizu Lizaso) Inaziotar bidea indartu eta haren oihartzuna zabaltzeko apustua egin dute zenbait erakundek. Hori adierazteko eta bihar egingo dituzten jardunaldiak aurkezteko bildu dira gaur, asteazkena, Loiolan, Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, Gipuzkoa eta Arabako Aldundietako kideak, Azpeitiko eta beste zenbait udaletako alkateak, Arantzazuko ordezkariak eta Jesusen Lagundiaren inguruko pertsonak. "Kultur eta natura turismo produktuaren" aldeko apustua egin dutela adierazi dute haiek. Inaziotar Bidea da duela 500 urte inguru, 1522an, Loiolako Inaziok Azpeititik Manresa (Herrialde Katalanak) bitartean egin zuen bidea, 700 kilometro ingurukoa. Bakarrik egin omen zuen hark ibilbidea, eta 10 hilabete igaro zituen Manresan. Ondoren, lagunduta, Erromaraino jarraitu zuen hark. Donejakue Bidearekin alderatu dute San Inaziorena. Basquetour Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko elkarte publikoak eta Agencia Catalana de Turisme erakundeak eman dute prentsaurrekoa. Nabarmendu dute "erromesaldi esperientzia bat" bizitzeko aukera eman dezakeela bide horrek. Hala ere, espiritualitateaz gain, azaldu dute, tokian tokiko kultura eta natura ezagutzera emateko zein lekuko ekonomia suspertzeko tresna izan daitekeela. "Bidea igarotzen den toki edo eskualdeak ekonomikoki suspertzeko ere modu ezin hobea da", esan du Arantza Madariaga Basquetourreko zuzendariak.

Apustu baten aurrean

"Apustu garrantzitsu" gisa definitu dute Inaziotar Bidea Jaurlaritzako ordezkariek, Espainiako estatuan ez ezik, nazioartean ere oihartzuna izan dezakeen eskaintza dela sinisten dute. Basquetour dagoeneko lanean ari da Jesusen Lagundiarekin edota Errioxa (Espainia), Aragoi (Espainia) eta Nafarroako erakundeekin ere; Araba, Bizkai eta Gipuzkoaz gain, toki horietatik ere pasatzen baita Inaziotar Bidea. Esan bezala, Azpeitian hasi eta Manresan bukatzen da Inaziotar Bidea, eta Basquetourruek "eredugarritzat" du Manresan zerbitzu turistikoari eman dioten presentzia: "Han jakin izan dute produktua gizarteratzen, eta guri hori falta zaigu", esan du Madariagak. Haren ostean hartu du hitza Patric Torrent Agencia Catalana de Turisme-ko zuzendari exekutiboak. Hark azaldu du beraiek "oso inplikatuta" daudela proiektuan, eta sinisten dutela bateratua izan behar duela egitasmoak. "Guk hasieratik ikusi genuen aukera ona bezala, eta sartu egin ginen; orain, nazioartera zabaltzeko modua ere ikusten diogu. Izan ere, uste dugu, agian, hemen baino indar handiagoa duela kanpoan proiektuak, eta horri eutsi egin behar diogu", esan du Torrent-ek. Euskal Herria eta Katalunia batzeko modu bat izan daitekeela ere esan dute ordezkariek, "kultura, natua eta gastronomia" iragartzekoa. Baliabideei eta eginiko lanari dagokionez, kataluniarrak "askoz ere egoera aurreratuagoan" daudela adierazi dute, baina lanean jarraitzeko erronka dute mahai gainean. Horretarako, 2015 eta 2016 urteetarako, zenbait lan-ardatz finkatu dituzte. 1. Ardatza: Erakundeen arteko hitzarmena. Haien artean, Jaurlaritza, Aldundia, eskualde mailako erakundeak edota udalak. 2. Ardatza: Erromesei eta bisitariei eman beharreko harrera. 3. Ardatza: Ostatu-eskaintzaren garapena eta erregulazioa. 4. Ardatza: Inaziotar Bidearen kultur eta turismo sustapena eta haren komertzializazioa. 5. Ardatza: Natura errespetatzea, zaintzea. Inguruan esku-hartze jasangarria eta integrala egitea. 6. Ardatza: Inaziotar Bidea ezagutarazi eta balorean jartzea, Euskadin. 7. Ardatza: Berrikuntza produktuak sortzea. Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak esan du beraien helburua dela bidea "ahalik eta ezagunen" bihurtzea. "Basque Country marka" zabaltzen jarraitzeko modua izan daitekeela ere aipatu du hark: "Barruko udalerrietako turismoaren alde ez da askorik egin, eta aukerak daude hemen". "Natura, erlijioa eta kultura" balioan jartzeko modua da Inaziotar Bidea, Tapiaren arabera. "Guk garranztia emanez gero, kanpoko jendea ere emango dio", nabarmendu du.

Jardunaldia

Bihar egingo dute jardunaldia Inaziotar Bidearen eta haren aukeren inguruan, Loiolan bertan. Honakoa da egitaraua: 9:00: Harrera. 9:15: Ongietorria eta jardunaldiaren hasiera. 9:45: Txosten nagusia: Erromesaldia esperientzia turistiko gisa. Inaziotar erromesaren motibazioak eta pertzepzioak. Marina Abad, Turismo Saileko (Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatea, Deustuko Unibertsitatea) irakasle eta ikertzailea. 10:30: Atsedenaldia.
11:00: Jesuseko Teresaren Aztarnak Ibilbidearen aurkezpena. Luis Carlos Gil, Santa Teresaren Aztarnak Elkartea. 11:30: Montserrat eta Inaziotar Bidea. Turismoaren kudeaketa. Josep Altayó i Agustí, L ́Agricola Regional S.A. eta Cen- tral de Reserves de Montserrat SAUko zuzendari nagusia. 12:00: Manresa 2022 Proiektu Estrategikoa: Inazio erromesa Loiolatik Manresara iritsi zeneko 5. mendeurrena ospa­ tzerantz.
    • Sonia Puyol González, Manresako Udalaren Manresa2022 proiektuaren koordinatzailea.
    • Esperança Holgado Duart, Manresa Hiriko turismo etasustapen burua.
12:30: Euskadiko Inaziotar Bidearen Plan Zuzentzailearen aurkezpena.
    • Jesus Mugika, Urola Erdiko Turismo arduraduna,Iraurgi Berritzen.
    • Iker Urcelay, Inaziotar Bidearen Koordinatzailea. Bas-quetour Euskadiko Turismo Agentzia.
13:00: Galdera eta eztabaidarako txanda.

Azpeitiko eta Manresako Udalen hitzarmena

(E. Albizu Lizaso) Azpeitiko eta Manresako Udalek ere heldu diote gaiari, eta hitzarmena sinatu dute Inaziotar bidea sustatzeko eta elkarlanean aritzeko. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea eta Joan Calmet Manresako Udaleko Turismo zinegotzia izan dira sinatze ekitaldian, eta bi erakundeetako ordezkariek argi ikusi dute "garrantzitsua" dela udalerrientzat eta haien ekonomiarentzat. Etxeberriak adierazi du "aukera bat" dela herriko ekonomia indartzeko. "Historia erabil dezakegu turismoa indartzeko. Etorkizunera begira, indarra hartuko du honek, apustu estrategikoa da", nabarmendu du. Calmetek, berriz, esan du "elkarlanaren emaitzetan" sinisten dutela. "Gure kompromisoa erakusten dugu aurrera egiteko, aztertzeko, eta gure markak ezagutarazteko", azaldu du. Honakoa adierazi du Maresako Turismo zinegotziak: "Aukera izanez gero, merezi du tren hau hartzea".  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide