(E. Albizu Lizaso)
Produkzioa beharrezkoa da bizitzeko. Materialak sortu behar dira, Corrugadosen egiten zen bezala; baina, horrekin batera, ekoitzi behar ditugu baloreak eta elkarlana ere. Produkzio materialistarekin itsutu gabe, sorkuntza gizatiarrari heldu behar diogu». Horrela azaldu dute Makina zoriontsuak. Uda gau bat fabrikan ikuskizunaren mamia prestaketa lanetan ibili direnek. Ekitaldi kulturala izango da, eta bederatzi sortzaile bilduko ditu oholtza gainean ostiralean, Corrugadoseko zubi zaharraren alboan, Azpeitiko Landeta auzoan.
Fabrika hutsaren ideiatik abiatu dira obra sortu eta josteko. Eneko Ibarguren Elkar-ekin taldeko kidearen arabera, «zer pentsatua» ematea nahi dute, lantegi huts horren «metaforak» sor ditzakeen ideietatik abiatuta. Ez da kasualitatea, ordea, hausnarketa hori Corrugados lantegian kokatzea. Jose Luis Otamendi idazle eta poetak esan du «ikur bat» dela Corrugados: «Borroka molde batzuen erreferentzia da, garai jakin batena. Gure herriaren zeinu bat izan da, eta Corrugados itxi izanak utzi digu orban moduko bat, krisiaren arrastoa».
Antzerkia, poesia eta musika izango dira protagonista ostiraleko saioan. Hala ere, antolatzaileek azaldu dute «herritarrak aktibatzeko» saiakera gisa ere har daitekeela obra. «Fabrika hau honela egotea normaltzat ikusten dutenengana iritsi nahi dugu, errealitatea bere horretan onartzen dutenengana», esan du Xanti Agirrezabala antzezleak. Agirrezabalaren arabera, lantegia «oso azkar» pasatu da «garrantzia handia» zuen gune izatetik «ezer ez izatera».
Felipe Murillo musikariak «sinbolo» gisa ikusten du Corrugados, istorio honen barruan. «Aurkeztu nahi dugun erronka ez da Corrugadosi soilik lotua. Mila istorio ditugu atzetik, eta horien sibolo da lantegi hau. Berreraiki beharreko gaiak ditugu, gizartearen hutsuneak islatzeko modua da», azaldu du.
Haizea Egiguren antzezleak pentsakor begiratzen die Corrugadoseko hobiei, eta inguruan haizeak astintzen dituen adar eta hostoei: «Zer pentsatua ematen dit niri. Ahanztura eta abandonua. Non amaitzen da bat, non hasten da bestea?». Egigurenen arabera, herritar guztiek dute «erantzukizunaren zatia» eta «ekarpena egiteko aukera». «Denok erabaki dezakegu zer den guretzat hau, gurea dena nola zaindu daitekeen, atzera utzi nahi al ditugun zenbait oroitzapen...», nabarmendu du.
«Gure ondoan ura aurrera doa, eta fabrika hau geldirik dago; ur geldia ustela bada, guk mugitu behar dugu. Lantegi bat da hau, baina bizitza ere halakoa da», dio Agirrezabalak. Gehitu du ikusle bakar batengan ezinegona sortuz gero, «gustura» egongo direla beraiek.
Denak batera, aurrera
Elkarlana izan da ostiraleko saioa prestatzeko gakoa. Zuzenean bederatzi pertsonek parte hartuko badute ere, kolaborazio handia izan dute artistek atzetik, 40 bat pertsonako taldea baitago. Elkar-ekinek balore hori sustatzen du sorreratik, eta «buru-ariketa» ere ildo beretik joatea gustatuko litzaieke: «Aho eta hitz handirik gabe, txikira ekarrita, elkarri aurrez aurre begira jarri eta denen artean zer egin daitekeen pentsaraztea nahikoa da guretzat», azaldu du Otamendik. Izan ere, argi dute beraien helburua «artistikoa» dela, hasiera batean. Ibargurenek nabarmendu du biltzen hasi zirenean honakoa zela ideia: gai sozialak lantzeko eta gizarteratzeko kultura erabiltzea. Horretarako, ideia landu, orraztu eta borobildu dute azken hilabeteetan. «Bi pertsonen burutapenarekin hasi, eta jendea batzen joan gara. Hori da transmititu nahi duguna, aurrera egiteko bildu egin behar garela», azaldu du Otamendik.
Garbi utzi dute artistek, beraz, Corrugados ez dela lantegi bat eta haren istoria soilik, gizartearen jokalmoldeak interpretatzeko gune bat izan daitekeela. Ahanztura, utzikeria, etsipena... ez da fabrika bateko kasu zehatz bat bakarrik, jarrera bat da. Otamendik egin du lehen galdera: «Kolpea hartu ostean, ez gaitezen gelditu lozorro, ez gaitezen hoztu: abandonuaren katean sartuko gara edo burua ez makurtzea erabakiko dugu?».
Ekitaldia
Izenburua. ‘Makina zoriontsuak. Uda gau bat fabrikan’.
Eskaintza. Antzerkia, musika eta poesia.
Hitzordua. Ostirala, 22:00etan.
Parte-hartzaileak. Leire Arenas, Xabier Gantzarain, Xabi Borda, Juan Azpillaga, Nekane Zinkunegi, Jon Gurrutxaga, Felipe Murillo, Haizea Egiguren eta Xanti Agirrezabala.
Iraupena. 50 minutu. Edizioa. Jose Luis Otamendi arduratu da zenbait testu idazteaz eta aukeratzeaz.
Talde eragilea. Elkar-ekin.