Saninazioetako Bakailao Txapelketa jokatuko dute abuztuaren 1ean, urtero legez, eta izena eman daiteke lehiaketan, hilaren 28a bitartean. Norbanako bezala edo elkarte gisa parte har daiteke txapelketan, eta horretarako, honako telefono zenbakietara dei daiteke: 943-15 70 68 edo 688-69 40 85. Zortzigarren urtez antolatu dute, eta beste urteetan bezala, sukaldari profesionalek ezingo dute parte hartu lehian. Marea Arroxak antolatu du ekitaldia.
Txapelketa 11:00etan bada ere, sukaldariek 10:45erako plazan egon beharko dute. Festa batzordeak bakailaoa, baratxuria eta olioa jarriko ditu. Hala ere, parte-hartzaileek beste osagairen bat erabili nahi badute, beraiek jarri beharko dute. Suak eta mahaiak bertan egongo dira, eta ontzi eta gainerako material guztia norberak eraman beharko du. Talde bakoitza bi minutuko tartearekin hasiko da bakailaoa prestatzen, eta 40 minutu izango dituzte kilo bakailao pi-pil eran prestatzeko. Bukatutakoan, epaimahaiak erabakiko du zein den onena, «aurkezpena, saltsa eta zaporea» kontuan hartuta.
Lehen sailkatuak txapela eta Kiruri jatetxean lau lagunentzako otordua jasoko ditu. Bigarrenak, kriantza ardo botila bat eta bi txuleta; eta hirugarrenak, berriz, bi lagunentzako otordua jasoko du Sagasti-Zahar jatetxean. Elkarte irabazleak Bakailao Txapelketako goilare erraldoia eskuratuko du.