Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
2 eta 1 irabazi zuten atzo, ostirala, azpeitiarrek Euskal Herriko Herriartekoko Markina-Xemeinen aurkako joaneko partida. Horrez gain, 18 tantoko abantaila dute Ilunpeko mutilek itzulikoa lehiatzeko. Hori dela-eta, esku-eskura gelditu zaie Euskal Herriko Herriartekoko finala jokatzeko abagunea. Azpeitiko kadeteek eta seniorrek irabazi zituzten partidak; eta jubeniletan, Markina-Xemeingo pilotariena izan zen garaipena.
Guztiak alde handiz
Maila guztietan aise irabazi zituzten partidak, batzuek eta besteek. Kadeteetan, lan bikaina egin zuten Mikel Unanue eta Jon Alberdi azpeitiarrek, eta ia aukerarik gabe utzi zituzten bizkaitarrak: 22 eta 5 bukatu zuten. Unerik estuena hasieran izan zen; azpeitiarrak partida osoan aurretik joan baziren ere, 5 eta 4koa ikusi zuten markagailuan. Handik aurrera, ordea, konfiantzarekin egin zuten aurrera. Hamaika tanto egin zituzten jarraian azpeitiarrek, eta bizkaitarren bosgarren tantoaren ostean, lanak amaitu zituzten etxekoek.
Jubeniletan, aurkakoa izan zen emaitza. Oso indartsu irten ziren Markina-Xemeingo mutilak, eta Gorka Iriarte eta Julen Egiguren jubenilek ezin izan zieten haiei behar bezala erantzun. 22 eta 4 irabazi zuten Bizkaiko pilotariek. Adin tartea ere nabaria izan zen norgehiagoka horretan. Izan ere, Ilunpen jubenilak falta direla-eta, kadeteak ari dira jokatzen maila horretan. Tanto ugari egin zituzten sakez bizkaitarrek, eta oso azkarra izan zen partida. Bederatzigarren tantoa iritsi bitartean ezin izan zuten azpeitiarrek tantorik egin. 11 eta 3; 20 eta 4; eta bukaera iritsi zen: 22 eta 4.
Seniorrek ere antzeko itxura eman zioten markagailuari: 22 eta 3ko garaipena Jurgi Larrañaga eta Daniel Murgiondo Ilunpeko pilotarientzat. Lehiarako prest ziren bi bikoteek maila ona bazuten ere, azpeitiarrek ez zieten tarterik utzi ia ezertarako. Hamasei tanto egin zituzten Larrañaga eta Murgiondok bata bestearen atzetik, eta orduan iritsi zen bizkaitarren lehenengoa: 1 eta 16. 20 eta 2an jarri zuten ondoren markagailua, eta 22 eta 3koarekin bukatu zen azken proba.
Azken partidetan bezalatsu, jendez gainezka zegoen Azpeitiko Frontoi Txiki pilotalekua; haur, gazte, heldu eta adinekoak gerturatu ziten hitzordura. Datorren ostiralean jokatuko dute itzuliko partida Markina-Xemeinen, 19:00etatik aurrera. Han erabakiko da nork jokatuko duen Santio eguneko finala. Joanekoa irabazita eta 18 tantoko aldearekin, etxeko lanak txukun eginda joango dira Ilunpeko mutilak Bizkaira.
[gallery ids="156353,156352,156351,156350,156349,156348,156347,156340,156341,156342,156343,156344,156345,156346,156339,156337,156336,156335,156334,156333,156326,156327,156328,156329,156331,156332,156325,156324,156322,156321" orderby="rand"]