Ignaziotar bideari buruzko jardunaldia egingo dute Loiolan datorren astean

Urola Kostako Hitza 2015eko uztailaren 10a

Azpeitian hasi eta Manresan (Katalunia) amaitzen den ignaziotar bidearen inguruko jardunaldia ospatuko dute hurrengo astean Azpeitian, ostegunean (uztailak 16). Izan ere, abuztuaren 1ean hasiko da Ignaziotar Bidearen 1. Jubileu Urtea. Loiolako Liburutegian izango da egitasmoa: 09:00etatik 13:30era hizpide izango dituzte Jesusko Teresaren Aztarnak Ibilbidea, Montserrat eta Ignaziotar Bideak eta Manresa 2022 Proiektu Estrategikoa.

Aurreko egunean, uztailaren 15ean, ekitaldi instituzionala egingo dute Loiolan, eta bertan, Euskadiko eta Kataluniako ekonomia sailburuek eta Azpeitiko eta Manresako alkateek parte hartuko dute, besteak beste.

Azpeitiarentzat "mugarri"

Azpeitiko Udalak uste du turismo arloan Azpeitiarentzat "mugarria" izango den egitasmo bat dela hori: "Aberastasun iturri oso garrantzitsua eta gure herriari onura ekonomiko handiak ekarriko dizkiola uste du udalak", azaldu dute prentsa ohar bidez. "Ignaziotar bidea bezalako beste bideek izan duten eragin ekonomikoa oso handia izan da, eta ignaziotar bideak Azpeitian ere inpaktu berdina izateko lan egiten ari da Azpeitiko Udala, azken urteotan egin bezala". Loiolan egiten ari diren turismo bulego berria ere "tresna garrantzitsua" izango dela uste du udalak, Azpeitiko ekonomia eta ondarea sustatzeko bidean.

Azken urteetan hainbat bilera egin dituzte Azpeitiko eta Manresako arduradunek, eta bi udalerrien arteko interes turistikoak, kulturalak eta ekonomikoak elkarlanean lantzeko aukerak lantzen ari dira.

Hain zuzen, "bidea indartzen eta ezagutarazten jarraitzeko", Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta hainbat erakundek antolatu dute datorren asteko jardunaldia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide