Zortzi batzorde izango ditu udalak, azken agintaldian baino bi gehiago

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko uztailaren 8a

Ekonomia batzorde zehatza eta Kultura, Euskara eta Parte-hartzea gehitu dizkiete lehen zituztenei. Sei pertsona liberatuko dituzte, denen artean lau lanaldi oso egiteko.Azpeitiko udal gobernuak erabaki du udal jarduna zortzi batzorderekin osatzea, hau ...

Ekonomia batzorde zehatza eta Kultura, Euskara eta Parte-hartzea gehitu dizkiete lehen zituztenei. Sei pertsona liberatuko dituzte, denen artean lau lanaldi oso egiteko.

Azpeitiko udal gobernuak erabaki du udal jarduna zortzi batzorderekin osatzea, hau da, joan den agintaldian baino bi batzorde gehiagorekin. Lehendik zeudenei, Ekonomia batzordea gehitu diote; eta Kultura, Euskara eta Parte-hartze batzordea banandu egin dute Festak, Gazteria eta Hezkuntza lantaldetik. Astelehenean egin zuten lehen ezohiko batzarra, eta batzordeak, liberazioak, soldatak eta erakundeetako ordezkariak bozkatu zituzten. EH Bilduren proposamen guztiak onartu zituzten udalbatzan ordezkatuta dauden bi taldeek, liberazioena eta soldatena izan ezik, EAJ abstenitu egin baitzen. Horrez gain, erabaki zuten hileko lehen astearteetan 19:00etatik aurrera egitea udalbatzarrak.

Batzordeei dagokienez, Eneko Etxeberria alkateak azaldu zuen ekonomia sustatzea beraien lehentasun nagusietakoa denez, beharrezkoa ikusi dutela hari pisu gehiago ematea. Kultura, Euskara eta Parte-hartzeari dagokionez, esan zuen pilaketa handia zegoela joan den agintaldiko batzorde bateratuan, eta egokia ikusi dutela haiek banatzea, herria «dinamikoa» delako esparru horietan. Udal hauteskundeetako emaitzei jarraiki, EH Bilduko hiru ordezkarik eta EAJko bik osatuko dituzte batzordeak. Irekiak izango dira bilerak, eragileek eta herritarrek parte hartu nahi izanez gero, eta hilean behin egingo dituzte.

Jardun osoko lau lanaldi erabiliko ditu Azpeitiko Udalak. Joan den agintaldian 3,35 lanaldi erabili zituen, eta 0,65eko igoera izan du. Hala ere, alkateak azaldu zuen, legez, bost lanaldi oso dagozkiola udalari. «Azpeitia ekonomikoki, sozialki eta herri gisa indartzen jarraitzeko motorra da udala», Etxeberriaren arabera. Herritarrei ahalik eta zerbitzu eta kudeaketa onena emateko ardura dutela esan zuen, eta nabarmendu zuen herritarrek antzeman egingo dituztela antolaketa berriaren ondorioak. Aldaketak 18.000 euro gehiagoko kostua izango du.

Liberatuen soldatak

Soldatak ezartzerakoan, honako irizpideak erabili dituzte: liberatu bakoitzari mantendu egingo diote orain arte zuten soldata, hau da, lantokiko diru kopuru bera jasoko dute. Eneko Etxeberria alkateak %90eko liberazioarekin, 48.976,45 euroko soldata gordina izango du urtean. Estitxu Elduaienek, %100eko liberazioarekin, 33.000 eurokoa; Iosu Labakak %75eko liberazioarekin, 24.750 eurokoa; Mikel Ibartzabalek, %50eko liberazioarekin, 16.500 eurokoa; Aitor Bereziartuak, %50eko liberazioarekin, 29.500 eurokoa eta Ainhoa Beristainek, %35eko liberazioarekin, 11.550 eurokoa.

Erabaki horiek tarteko, Aitor Gorrotxategi EAJko bozeramaileak esan zuen Azpeitiko alkateak %100ean liberatuta egon beharko lukeela: «Herri honek behar du alkate bat dedikazio esklusiboarekin, kezkatu egiten nau». Etxeberriak erantzun zion «desberdintasuna» dagoela %90 kobratzearen eta %100ean alkate izatearen artean. «Nire konpromiso pertsonala %100ekoa da, eta %100ean izan naiz alkate, nire ustez, azken lau urteetan. Etorkizunean ere %100ean izango naiz alkate, garbi ikusten dut hori», esan zuen.

Horrez gain, Gorrotxategik kritikatu egin zuen EH Bilduk sei pertsona liberatu izana. «Hamar hautetsirekin sei liberatu dituzue, eta guk zazpirekin bat ere ez», adierazi zuen. Haren arabera, «matematika» eta «borondate» kontua da hori. Soldatei dagokionez, nabarmendu zuen «kontrol zehatza» eramango dutela, eta urtebeteko tartea utziko dutela soldatak «zilegi» diren baloratzeko. Liberazioen eta soldaten inguruko proposamena EH Bilduren bozekin onartu zuten; izan ere, abstenitu egin zen EAJ.

Bestelako ordainsariak batzordeetan edo udalbatzarretan parte hartzeagatik dira, eta ez dute halakorik jasoko liberatuta dauden zinegotziek. Batzordeburuek hilean 175 euro jasoko dituzte. Gainontzean, batzordeburuek 100 euro jasoko dituzte bilerako; eta 50, berriz, kideek. Udalbatzarretara edo gobernu batzordeetara joateagatik 90 euro kobratuko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide