Hiru partidak irabazita lortu dute azpeitiarrek Herriarteko txapela

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko uztailaren 7a

Harrera beroa egin zieten igandean herritarrek. Datorren astean hasiko dira Euskal Herriko kanporaketak, eta Markinaren aurka jokatuko dute, aurrena etxean.Gipuzkoako Herriarteko eskuzko txapelketa irabazi dute azpeitiarrek. Hirutik hiru partida irabaz...

Harrera beroa egin zieten igandean herritarrek. Datorren astean hasiko dira Euskal Herriko kanporaketak, eta Markinaren aurka jokatuko dute, aurrena etxean.

Gipuzkoako Herriarteko eskuzko txapelketa irabazi dute azpeitiarrek. Hirutik hiru partida irabazita gailendu ziren Tolosaren aurka, igandean, Ilunpe pilota elkarteko kideak. Kadeteek, jubenilek eta seniorrek, hirurek lortu zuten garaipena Donostiako Atano III.a pilotalekuan.

Kadeteen partida «ikaragarri gogorra» izan zela azaldu du Joanes Otamendi Ilunpe pilota elkarteko kideak. «Bagenekien gogorra izango zela, eta bukaeran estu eta larri ibili ginen». 22 eta 18 irabazi zuten Jon Alberdi eta Mikel Unanue azpeitiarrek. Bigarrena ere 22 eta 18 irabazi zuten Gorka Iriarte eta Julen Egiguren jubenilek. Otamendiren arabera, «txapelketako partidarik onena» jokatuta.

Ilunpekoek ez zuten espero bigarren partida irabaztea, baina tolosarren aldaketa batzuk tarteko, norgehiagokaren norabidea aldatu zen, eta «lan bikaina» egin zuten. «Bikote honek lehiaketa osoan eginiko lana nahi dugu nabarmendu. Kadeteak dira izatez, eta jubenilen mailan oso ondo aritu dira», azaldu du Otamendik. Kadeteetako Unanue ere aipatu du: «Hura ere infantila da, eta kadeteetan maila ona erakutsi du».

Hirugarren eta azken partida aise irabazi zuten azpeitiarrek: 22 eta 10. «Konfiantza osoa» zuten haiengan Ilunpekoek, eta ez zieten hutsik egin Jurgi Larrañagak eta Daniel Murgiondok.

Horrezbestez, ia taldea ez aurkeztetik finala irabaztera igaro dira azpeitiarrak. «Sorpresa handia izan da guretzat; hala ere, aitortu behar dugu txapelketan aurrera egin ahala ilusioa sortu zitzaigula, eta guk ere sinetsi genuela garaipenean», azaldu du.

Azpeitiarren beroa

Herriak asko babestu ditu pilotariak azken hilabeteetan. Frontoi Txiki behin baino gehiagotan bete dute, eta kanpoko partidetan ere izan dira herritarrak. Igandean ia 600 pertsona joan ziren Donostiara, eta harreran ere lagundu zieten Ilunpekoei. Otamendiren ustez, Azpeitian Herriartekoen «kultura handia» dago: «Herriaren izenean jokatzen dute pilotariek, eta denena da txapela; horregatik sentitzen dute herritarrek hain gertu», nabarmendu du. Eskerrak eman dizkie, beraz, zaleei «emandako babesagatik», baita udalari eta gainontzeko babesleei ere. Ilunpeko zuzendaritza ohia ere gogoratu du: «Lehengoek lan txukuna egin zuten, oinordetza ona utzi dute, eta horri jarraipena ematen saiatuko gara».

«Oparia» da Azpeitirentzat Euskal Herriko Herriartekoa. Zozketa atzo izan zen, Abadiñon, eta Markinaren aurka jokatuko du Azpeitiak, aurreneko partida etxean. Uharte eta Gasteiz ere lehiatuko dira. Nafarrak ikusten dituzte faborito gisa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide