Zortzi batzorde izango ditu Azpeitiko Udalak, joan den agintaldian baino bi gehiago

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko uztailaren 7a

'Ekonomia batzorde' zehatza eta 'Kultura, euskara eta parte-hartzea' gehitu dizkiete lehen zituzten seiei. Lau lanaldi erabiliko ditu erakundeak, aurreko agintaldian baino 0,65 gehiago. Legez, bost liberatu dagozkio Azpeitiari, haren demografia dela-eta.

(E. Albizu Lizaso) Azpeitiko udal gobernuak erabaki du udal jarduna zortzi batzorderekin osatzea, hau da, joan den agintaldian baino bi batzorde gehiagorekin. Lehendik zeudenei, Ekonomia batzordea gehitu diote, eta Kultura, Euskara eta Parte-hartze batzordea banandu egin dute Festak, Gazteria eta Hezkuntza lantaldetik. Atzo, astelehena, egin zuten lehen ezohiko batzarra, eta batzordeak, liberazioak, soldatak  edota erakundeetako ordezkariak bozkatu zituzten. EH Bilduren proposamen guztiak onartu zituzten udalbatzan ordezkatuta dauden bi taldeek; liberazioena eta soldatena izan ezik, EAJ abstenitu egin baitzen. Horrez gain, erabaki zuten hileko lehen astearteetan 19:00etatik aurrera egitea udalbatzak. Batzordeei dagokienez, Eneko Etxeberria alkateak azaldu du ekonomia sustatzea beraien lehentasun nagusietakoa denez, "beharrezkoa" ikusi dutela hari "pisu gehiago" ematea. Kultura, Euskara eta Parte-hartzeari dagokionez, esan du pilaketa handia zegoela joan den agintaldiko batzorde bateratuan, eta egokia ikusi dutela haiek banatzea, herria "dinamikoa" delako esparru horietan. Batzorde guztiak irekiak izango dira, eragileek eta herritarrek parte hartu nahi izanez gero. Hilean behin bilduko dira taldeak. Batzorde informatibo bakoitza bost lagunek osatuko dute, EH Bilduko hiruk eta EAJko bik, hauteskundeetako emaitzei jarraiki. Honakoak dira buruak eta kideak:
  • Estrategia eta Hirigintza: Eneko Etxeberria, Iosu Labaka, Aitor Bereziartua (EH Bildu), Itziar Lasa eta Aitor Gorrotxategi (EAJ).
  • Ogasuna eta Langileria: Estitxu Elduaien, Leire Goenaga, Iosu Labaka (EH Bildu), Nerea Etxeberria eta Aitor Gorrotxategi (EAJ).
  • Ekonomia: Agustin Lizarralde, Eneko Etxeberria, Estitxu Elduaien (EH Bildu), Amaia Etxeberria eta Aitor Gorrotxategi (EAJ).
  • Kultura, Euskara eta Parte-hartzea: Iosu Labaka, Ainara Larrañaga, Mikel Ibartzabal (EH Bildu), Rebeka Larrañaga eta Aritz Azpiazu (EAJ).
  • Festak, Gazteria eta Hezkuntza: Mikel Ibartzabal, Ainara Larrañaga, Leire Goenaga (EH Bildu), Amaia Etxeberria eta Aitor Gorrotxategi (EAJ).
  • Gizarte Beharrak eta Parekidetasuna: Ainhoa Beristain, Estitxu Elduaien, Leire Etxaniz (EH Bildu), Xanti Gurrutxaga eta Nerea Etxeberria (EAJ).
  • Kirolak: Estitxu Elduaien, Agustin Lizarralde, Mikel Ibartzabal (EH Bildu), Nerea Etxeberria eta Aritz Azpiazu (EAJ).
  • Barne antolaketa, Ingurumena eta Auzoak: Aitor Bereziartua, Iosu Labaka, Ainhoa Beristain (EH Bildu), Itziar Lasa eta Xanti Gurrutxaga (EAJ).
EH Bilduren eta EAJren aldeko bozekin onartu dituzte batzorde berriemaileak. Beraz, hamazazpitik hamazazpi boto jaso ditu udal gobernuaren proposamenak. Eneko Etxeberriak azaldu du "proba egingo" dutela batzordeekin eta kideekin, joan den agintaldian bezala. Ondoren, egongo da aukera, behar izanez gero, horiek aldatzeko; baina udalbatzan onartu beharko da berriro. Duela lau urte, esate baterako, hamabi batzorde onartu zituzten lehen udalbatzan, baina sei batzordetara murriztu zituzten ondoren. Talde politikoetako bozeramaileak eta Gobernu Batzordea ere izendatu zituzten, besteak beste, atzoko udalbatzan: Bozeramaileak
  • EH Bildu: Estitxu Elduaien.
  • EAJ: Aitor Gorrotxategi.
Gobernu Batzordea
  • EH Bildu: Eneko Etxeberria, Estitxu Elduaien eta Agustin Lizarralde.
  • EAJ: Aitor Gorrotxategi eta Itziar Lasa.

Udal erakundeen ordezkaritzak

Udal erakundeen ordezkaritzak ere izendatu zituzten, eta batzordeetan bezala, hauteskundeetako emaitzetako kuotak erabiliko dituzte irizpide gisa: Urola Erdiko Mankomunitatea: Eneko Etxeberria, Aitor Bereziartua (EH Bildu) eta Aitor Gorrotxategi (EAJ). Uema: Iosu Labaka, Ainhoa Beristain, Leire Goenaga (EH Bildu), Rebeka Larrañaga eta Aritz Azpiazu (EAJ). Euskara Patronatua: Iosu Labaka burua (EH Bildu).
  • Udaleko kideak: Ainara Larrañaga, Mikel Ibartzabal (EH Bildu), Rebeka Larrañaga eta Xanti Gurrutxaga (EAJ).
  • Langileen ordezkaria.
  • Azpeitiko euskara eragilea.
  • Hizkuntza Normalizaziorako zuzendari teknikoa (hitza bai, baina boza ez).
  • Euskaltegiaren zuzendaria (hitza bai, boza ez).
  • Idazkaria (hitza bai, bozik ez).
Kirol Patronatua: Estitxu Elduaien burua (EH Bildu).
  • Udaleko kideak: Agustin Lizarralde (EH Bildu) eta Nerea Etxeberria (EAJ).
  • Langileen ordezkaria.
  • Kirol Elkarteko ordezkaria.
  • Eskolen ordezkaria.
  • Idazkaria.
Azpeitia Lantzen: Eneko Etxeberria, Mikel Ibartzabal, Aitor Bereziartua (EH Bildu), Itziar Lasa (EAJ) eta Iñaki Etxezarreta (EAJk izendatua). Erakundeetako ordezkaritzetan aukera dute udalbatza osatzen ez duten pertsonek ere parte hartzeko. Hori dela eta, Etxezarreta aukeratu du EAJk. Urola Erdiko Industrialdea S.A.: Agustin Lizarralde (EH Bildu). San Martin egoitza fundazioa: Eneko Etxeberria (EH Bildu). Egoitzaren kasuan, beharrezkoa da, gaur gaurkoz, alkatea izatea udal ordezkaria. Ingurugiro etxea fundazioa: Ainhoa Beristain, Aitor Bereziartua, Estitxu Elduaien (EH Bildu), Amaia Etxeberria eta Aritz Azpiazu (EAJ). Urkome elkartea: Ainhoa Beristain (EH Bildu). Iraurgi Lantzen merkataritza baltzua: Eneko Etxeberria eta Agustin Lizarralde (EH Bildu). Udalsarea 21: Ainhoa Beristain (EH Bildu). Gipuzkoako Ur Partzuergoa: Eneko Etxeberria (EH Bildu). Haurreskola Partzuegoa: Estitxu Elduaien (EH Bildu). Kontratazio Mahaia: Eneko Etxeberria burua (EH Bildu).
  • Kideak: Aitor bereziartua, Estitxu Elduaien (EH Bildu), Itziar Lasa eta Aitor Gorrotxategi (EAJ).
Izendapen horiek EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin onartu dituzte.

Liberatuak eta soldatak

Jardun osoko lau lanaldi erabiliko ditu Azpeitiko Udalak. Joan den agintaldian 3,35 lanaldi erabili zituen, eta 0,65eko igoera izan du. Hala ere, alkateak azaldu du, legez, bost lanaldi oso dagozkiola udalari, herriaren demografia dela-eta.  "Azpeitia ekonomikoki, sozialki eta herri gisa indartzen jarraitzeko motorra da udala", Etxeberriaren arabera. Motor horrek "hobeto funtziona" dezan hartu dute erabaki hori, eta urteko 18.000 euro gehiagoko kostua izango du, guztira. Herritarrei ahalik eta zertbitzu eta kudeaketa "onena" emateko ardura dutela esan du, eta nabarmendu du herritarrek antzeman egingo dituztela antolaketa berriaren ondorioak. Soldatak ezartzerakoan, honako irizpideak erabili dituzte: liberatu bakoitzari mantendu egingo diote orain arte zuen soldata, hau da, lantokiko diru-kopuru bera jasoko dute, jasotako gomendioen harura. Hauek dira zifrak:
  • Eneko Etxeberria alkatea, %90eko liberazioarekin: urtean 48.976,45 euroko soldata gordina.
  • Estitxu Elduaien, 100%eko liberazioarekin: urtean 33.000 euroko soldata gordina.
  • Iosu Labaka, %75eko liberazioarekin: urtean 24.750 euroko soldata gordina.
  • Mikel Ibartzabal, %50eko liberazioarekin: urtean 16.500 euroko soldata gordina.
  • Aitor Bereziartua, %50eko liberazioarekin: urtean 29.500 euroko soldata gordina.
  • Ainhoa Beristain, %35eko liberazioarekin: urtean 11.550 euroko soldata gordina.
Aitor Gorrotxategi EAJko bozeramaileak esan du Azpeitiko alkateak %100ean liberatuta egon beharko lukeela: "Herri honek benetan behar du alkate bat dedikazio esklusiboarekin. Orain igo egin duzu %80tik %90era, baina kezkatu egiten nau. Herri honek merezi du eta zor diogu 100eko 100era dagoen alkatea". Etxeberriak erantzun zion "desberdintasuna" dagoela %90 kobratzearen eta %100ean alkate izatearen artean. "Nire konpromiso pertsonala %100ekoa da, eta %100ean izan naiz alkate, nire ustez, azken lau urteetan. Etorkizunean ere %100ean izango naiz alkate, garbi ikusten dut hori", esan zuen. Horrez gain, Gorrotxategik kritikatu egin du EH Bilduk sei pertsona liberatu izana. "Hamar hautetsirekin sei liberatu dituzue, eta guk zazpirekin bat ere ez", adierazi du. Haren arabera, "matematika" eta "borondate" kontua da hori. "Garbi gelditu da zuek bakarrik nahi duzuela gobernatu, eta ez dugu ezer egiteko". Soldatei dagokionez, nabarmendu zuen "kontrol zehatza" eramango dutela, eta urtebeteko tartea utziko dutela soldatak "zilegi" diren baloratzeko. "Ez zait ondo iruditzen baloratzea soldata bat baxua edo altua al den. Uste dut lana egiten duenari ordaindu egin behar zaiola, eta dirua bizitzeko behar dugun zerbait dela", azaldu zuen. Liberazioen eta soldaten inguruko proposamena EH Bilduren bozekin onartu zuten; izan ere, abstenitu egin zen EAJ.

Bestelako ordainsariak

Bestelako ordainsariak batzordeetan edo udalbatzetan parte hartzeagatik dira, eta ez dute halakorik jasoko liberatuta dauden zinegotziek. Hau da, liberatu gabekoentzat soilik dira horiek: Batzordeburuek: hilean 175 euro. Batzorde berriemaileetako bilerengatik:
  • Batzordeburua: 100 euro bilerako.
  • Kideak: 50 euro bilerako.
Udalbatzakedo Gobernu Batzordearen bilerak: 90 euro bilerako. Gorrotxategik "txalotu" egin zuen EH Bilduren jarrera, kasu horretan. Hark esan zuen "kontuan hartu" dutela eginiko lana. Izan ere, %35ean jaitsi zuten ordainsari hori duela lau urte. Etxeberriak arrazoia eman zion, eta esan zuen aitortzen duela zinegotzi guztien meritua eta lana. Udalean ordezkatuta dauden bi taldeen baiezko bozekin onartu zuten EH Bilduren proposamena.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide