Enrike Lekuona.
"Herri xeheak ez du aukera izan arkeologia ikasteko, historia ezagutzeko. Marrazki hauen bidez lor dezakegu herritarrak ulertzea zer garrantzia duen garai horrek guretzat, euskaldunentzat". Ezbairik gabe mintzatu da Enrike Lekuona marrazkilaria. Oso maitea du historia eta arkeologia, eta "plazer bat" izan da harentzat Munoaundiko historiaren inguruko panel berrietako irudiak egitea. Izan ere, Iraurgi Berritzen garapen agentziak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bost panel jarri dituzte Munoaundin, Azpeitian eta Azkoitian, duela 2.500 urteko herri harresituaren historia aurkezteko eta bizilagunak Euskal Herriko Burdin Aroaren testuingurura eramateko.
Lekuona boluntario gisa aurkeztu zen panel horietako marrazkiak egiteko: "Pentsatzen nuen irudiek askoz errazago azal zitzaketela Munoaundiren historia eta gure arbasoen joan-etorriak". Marrazkilaria itsasontzien ingeniaria izan da 43 urtez, lan asko egin du planoekin eta marrazkiekin, eta oso argi du "hizkuntza bat" dela irudiena.
Lekuonaren arabera, herri baten historia, ondarea, "garrantzistuegia da gutxi batzuen eskuetan uzteko", beharrezkoa da hori transmititzea. Horretarako bidea marrazkiak izan daitezkeela uste du: "Bizitza osoa pasatu dut akuarelak egiten. Nire bezeroek ulertzen ez zutenean zer ontzi mota ari nintzen proposatzen, akuarela bat egiten nien: ontzia marrazten nien, itsaso zakarrarekin, eta segituan entenditzen zuten mamia".
Duela 2.500 urteko historia herrira ekartzeko, Sonia San Jose antropologoaren laguntza izan du Lekuonak. "Oso zientifiko ona da San Jose, oso zorrotza. Oinarri gisa bere laguntza izan dut. Marrazki batzuk hiru-lau aldiz egin ditut, zehaztasunaren izenean", adierazi du. Asko eskertzen du antropologoaren lana Lekuonak; izan ere, uste du "seriotasuna" eskatzen duela behar horrek, "zilegitasuna" izan dezan. Adituen eta marrazkilarien elkarlana nabarmendu du: "Arkeologoak argazkilari onak izan ohi dira, baina argazkiek dagoena soilik ateratzen dute; marrazkiek izan zitekeena irudikatzeko gaitasun hori dute".
Lekuonaren irudia.
Ondarea babesteko premia
"Ez naiz aditua, zalea baizik. Orain honi nahi diot eskaini nire denbora", azaldu du Lekuonak. Kontzientziatuta dago ondarea zaintzeko premiaz eta beharraz, eta bereziki interesatzen zaio Burdin Aroa. Azaldu du erromatarren inbasioaren aurreko aroa dela, eta "beharrezkoa" dela garai hori aztertzea, erromatarrek utzitako oinazeen aurretik euskaldunak nolakoak ziren jakiteko. "Herri txikia gara, baina ezin dugu gure alegiazko historia egin, nazio handiek egin dezakete, agian; egiten dute, behintzat. Guk ez. Guretzako inportantea da arkeologoen lanean oinarritutako historia idaztea".
Marrazkilariak uste du, askotan, epe motzeko memorian itotzen direla herritarrak, nahikoa dutela urte gutxi batzuetako historia usaintzea, baina gizakia ez zen atzo jaio. "Hizkuntza, jarrera eta sentimendu jakin bat ditugu euskaldunok, hori Burdin Aroan egosi zen. Euskara ere mantendu genuen, eta ingurukoek galdu egin zuten hizkuntza. Hor zerbait berezia, garrantzitsua, gertatu zen".
Gizarteari begira, oro har, uste du ez dagoela ondarea zaintzeko kultura handirik, "gutxi" baloratzen baita. "Beste nazio guztiek ematen diote garrantzia beraien historiari. Euskaldunok zergatik ez?", galdetu du. "Oso gutxi ezagutzen dugu gurea dena, eta gure zati da, horregatik gara
gu".
Transmisioaren soka
Jakintzaz gain, "ilusioa" transmititzen ikasi behar dutela esan du Lekuonak. Badaki bere hondar alea jarri duela Munoaundiko marrazkiekin, eta "harro" sentitzen da. Lekuonak berak egin ditu Amaiur gazteluko paneletako irudiak ere, helburu berarekin, herritar guztienagana aise iristea.
"Lan ikaragarria dago egiteko, eta egingarria da, lur azpian dugu guztia", dio marrazkilariak behin eta berriz. Hala ere, baliabideak falta direla nabarmendu du hark, beste alor batzuei garrantzi gehiago ematen zaielako. "Denon proiektu partekatua" behar luke izan ondarearen aztertze eta zaintzak, eta deia luzatu nahi die erakundeei, herritarrei, "interesa duen edonori". Norberak jakin ohi du nola egin dezakeen ekarpena.