Euskal eta saloiko dantzak zein dantza garaikidea eskainiko dituzte Azpeitian datozen asteetan. Lau saio dituzte ikusgai herritarrek, hiru egunetan banatuta; eta doan da sarrera.
Euskal eta saloiko dantzek, dantza garaikideekin batera, hartuko dute datozen asteetan Azpeitia eta Soreasu. Izan ere, Azpeitia dantzan zikloa antolatu dute uztailaren 5erako, 12rako eta 18rako. Lau saio eskainiko dituzte hiru egunotan, eta doan dira guztiak. Elkarlanean prestatu dute egitaraua Azpeitiko Udalak, Sanagustin Kulturguneak, Sahatsak, Jose Mari Orbegozoren Dantzaki taldeak eta Itsatsi dantza taldeak.Igande honetan lehen bi dantzaldien txanda da. Txo! esan zer nahi duzun dantza garaikideko obrarekin emango diote hasiera zikloari, 20:00etan, Soreasun. Maia Villotek zuzendutako lanak gizakien arteko harremanak islatzen ditu. Laguntza hitzaren inguruan eta haren esanahi eta ondorioez jardungo dute dantzariek, euskarri gisa ikus-entzunezkoak erabilita. Haien ostean, Sahatsa Lesakan Zeharka dantzaldia eskainiko dute Sahatsako kideek. Juan Luis Lizabek zuzendutako lanean Lesakako inauterietako pertsonaiekin jolastuko dute dantzariek, haien izaera eta jantziak bere eginda. Inauteriak igaro osteko giroa da, sanferminetakoa. Arantzako eta Baztango soka-dantza, makil-jokoak eta erromeria ikusteko aukera izango da, besteak beste.
Mota guztietako dantzak izango dira ikusgai Soreasuko oholtzan, eta haien artean Jose Mari Orbegozo dantzari azpeitiarraren Dantzaki taldeak parte hartuko du. Emanaldi hori aprobetxatuta, Orbegozoren lana «goraipatu» du Azpeitiko Udalak. Izan ere, sari ugari irabazi ditu aurten ere dantzariak: Europako txapelduna izan da pasodoblean eta bigarrena, berriz, saltsan, besteak beste. Saloiko dantzak, erakustaldia eta jaialdia eskainiko dute, eta 23 dantza egingo dituzte. Uztailaren 12an, igandean, izango da ikuskizuna, 20:00-etatik aurrera.
Azken saioa, hilaren 18koa, Itsasik egingo du, 22:00etatik aurrera. Zaraitzutik Erriberara, Nafarroako txokoetako dantzak oholtzara eramango dituzte; ezagunenak eta hain ezagunak ez direnak. Horiez gain, Itsasiko dantzariek sortutako dantzak ere eskainiko dituzte.