«Finaleraino iristea sorpresa handia izan da guretzat»

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko uztailaren 1a

Astigarraga mendean hartu ostean, Tolosaren aurka jokatuko dute Azpeitiko pilotariek eskuzko Herriarteko finala. Igandean da hitzordua, 10:00etan Atano III.a pilotalekuan.Entrenamenduaren aurretik harrapatu du HITZAk Daniel Murgiondo (Azpeitia, 1991), ...

Astigarraga mendean hartu ostean, Tolosaren aurka jokatuko dute Azpeitiko pilotariek eskuzko Herriarteko finala. Igandean da hitzordua, 10:00etan Atano III.a pilotalekuan.

Entrenamenduaren aurretik harrapatu du HITZAk Daniel Murgiondo (Azpeitia, 1991), Herriartekoan Azpeitia ordezkatzen duen senior bikoteko atzelaria. Atzo aukeratu zituzten pilotak Donostian, eta Atano III.a probatu zuten, finaleko pilotalekua.

Igandeko norgehiagokari begira, zer moduz sentitzen zarete?

Itxaropena badugu, beti mantendu behar da hori. Hala ere, besteak ere finalera iritsi dira, eta zerbaitengatik izango da. Aurkariak nahiko onak dira, eta jubenilena omen da haien bikote sendoena. Ikusi egin behar da. Izan ere, finalean dena izaten da desberdina: tentsioa, giroa, jokoa...

Ezagutzen al dituzue tolosarrak?

Seniorrak ezagutzen ditut, baina gazteak ez ditut ikusi oraindik. Zaharretako aurrelaria, adibidez, badakit pilotari polita dela, arriskutsua.

Igandean Astigarragan eginiko lanaz zer balorazio egin duzue?

Beldurrez joan ginen, hemen oso lan ona egin baitzuten. Lehen partida oso gogorra izango zela uste genuen, eta halaxe izan zen: atzetik ere joan ziren azpeitiarrak. Gero, buelta eman zioten norgehiagokari, eta lan ona egin zuten. Jubeniletan, Azpeitian ikusi genuenaren antzeko zerbait gertatu zen. Bestalde, guk ere ondo hasi genuen partida, baina gero estuasuna pasatu genuen. Uste genuen partida hemen baino zailagoa izango zela; izan ere, gure aburuz, Azpeitian ez zuten saio ona egin astigarragarrek. Ondo hasi ginen, baina gero nekatu egin nintzen neu. Dena dela, bata eta bestea, gogortu egin zitzaigun partida.

Behar zenituzten hamabost tantoak egitean erlaxatu egin al zineten?

Izan daiteke. Tentsioa pixka bat jaitsi zen, agian; baina argi geneukan irabazi egin behar genuela. Gure helburua ez zen, behintzat, hamabost tanto egitea, irabaztea baizik.

Zein izan dira orain arteko aurkaririk gogorrenak?

Azkena, Astigarraga, izan da guretzat gogorrena. Lehen kanporaketa Errenteriaren kontra jokatu genuen, eta erraz pasatu genuen hura. Ondoren, Beasain tokatu zitzaigun, haiek eman ziguten lan pixka bat. Gazteek aise irabazi zuten; bai hemen, bai Goierrin. Guk ere biak irabazi genituen, baina lana eginda.

Azken urteetan ez du talderik atera Ilunpek. Aurten moldatu zarete seikotea osatzeko.

Nahikoa justu ibili gara. Ez daukagu jubenilik, eta kadeteak ari dira jokatzen maila horretan. Aipatu behar da oso lan ona egiten ari direla jubeniletan jokatzen ari diren mutilak. Hiru urte zaharragoen aurka ari dira; hori, nahi ala ez, antzeman egiten da.

Zer helburu finkatu zenuten hasieran?

Taldea nola osatu dugun ikusita, proba bat izan da hau. Ez ginen irten finalera iristeko helburuarekin, ezta gutxiago ere. Honaino iristea sorpresa handia izan da guretzat, ez genuen espero.

Etorkizunerako talde ona ari zarete osatzen, ezta?

Bai. Urteak aurrera joan ahala, taldea hobetzen joango da. Orain kadeteak direnak pasatuko dira jubeniletara, eta sendo datoz gazteak ere. Datorren urtean maila hobea izango dugu, gazteak esperientzia hartzen ari dira, eta denak lagunduko digu. Orain kadeteen eta jubenilen mailan ditugun pilotariek ez dute inoiz jokatu Herriarteko bat, ez dakite zer den horrenbeste jenderen aurrean aritzea. Horrek beti izaten du eragina. Denok jokatzen ditugu partidak, baina Herriartekoetan bezalako giro eta presioarekin, inoiz ez.

Noiz hasi zineten txapelketa hau prestatzen?

Ez dugu entrenamendu berezirik egin Herriartekoari begira. Astean zehar gelditzen gara, behin edo bitan, eta bikote bakoitzak bere erara egiten du entrenamendua. Guk, adibidez, gure mailako beste bi pilotarirekin egiten dugu saioa.

Azpeitiarrek asko animatu al zaituztete?

Bai, eta hori bereziki nabarmendu nahi genuke. Beti izan dugu afizio ona Azpeitian, nahiz eta aurten, agian, inoiz baino oihu gehiago egin dizkiguten [barre egiten du]. Asko laguntzen digu herritarren babesak, poza ematen du, eta eskerrak eman behar dizkiegu horregatik.

Zenbatgarren txapela litzateke aurtengoa, igandean irabaziz gero?

Azpeitiarentzat hirugarren garaipena litzateke, baita nire bikotekide Larrañagarentzat ere. Nire kasuan, bigarrena. Gazteentzat, berriz, lehena izango da, irabaziz gero: lehen txapelketa, eta lehen garaipena.

Hurrengo pausoa Euskal Herriko txapelketa litzateke, ezta?

Bai, baina horri ez diogu asko begiratu oraindik, lehenengo Gipuzkoakoaren bila joan behar dugu. Beste lurralde batzuetan dagoeneko eginda daude finalak; Bizkaitik, esate baterako, Markina-Xemeinek jokatuko du. Datorren astean egingo dituzte zozketak, eta orduan jakingo dugu kanporaketa noren aurka jokatuko duen Gipuzkoak; Araba, Bizkaia edo Nafarroa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide