Orkatz ez ixteko eskatu dute, herri harresia irudikatuta

Urola Kostako Hitza 2015ko eka. 30a, 16:21

Dozenaka lagun bildu ziren atzo Azpeitian, Orkatz itxi ez dezaten eskatzeko. Horretarako, herri harresia osatu zuten azpeitiarrek herriko taberna-ren aurrean. Ekitaldian nabarmendu zuten "lanean jarraitzeko" asmoa dutela beraiek: "Orkatz Kultur Elkarteak lanean jarraituko du, Orkatzen edo Orkatzetik kanpo". Beraz, Orkatz "lapurtzen" badiete, beste bilgune bat aurkituko dutela jakinarazi zuten: "Audientzia Nazionalak eta ezta Espainiar Gobernuak ere ez dute gure jarduera zilegia geldituko". Erabakiaren "bidegabekeria" salatu zuten, eta "konponbidearen aurkako eraso zuzena" dela adierazi zuten. Honakoa esan zieten Libre lantaldekoek han bildutakoei: "Injustizia honen aurrean herritarrok ezin dugu eskuak gurutzatuta gelditu. Ezin dugu 1936az geroztik egin den lapurreta handiena besterik gabe pasatzen utzi. Ezin dugu onartu inongo arrazoirik eta deliturik egon gabe, elkarte bat horrela ixtea eta hainbat langile kale gorrian uztea. Azpeitiar orori dei egiten diegu Orkatz babesteko antolatuko diren ekimenetan parte hartzera eta Orkatz ixtera datozenean, Orkatzera gerturatzera. Suziri bidez jakinaraziko dugu ixtera datozen momentua. Jarrera baketsu eta desobedienteaz babestuko dugu Orkatz. Bakoitzak bere nahi eta aukeren arabera, desobedientzia praktikan jartzeko modu desberdinak egongo dira. Beraz adin guztietako herritarrei dei egiten diegu Orkatz babestera etortzeko deia. Denentzat tokia egongo da". Bart gaua Orkatzen igaro dute azpeitiarrek, eta gauza bera egingo dute gaur gauean ere. Bien bitartean, bilera irekia egingo dute gaur, 17:00etan; eta martxa laranja egingo dute herrian zehar, 19:00etatik aurrera. 20:00etan afaria egingo dute, eta 21:00etan Ez aurkeztua taldearen kontzertua egongo da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide