Nicolas Oteiza 'Kaito' Azpeitiko Kultur Mahaiak ohorezko bazkide izendatuko du

Urola Kostako Hitza 2015eko ekainaren 30a

Uztailaren 19an da ekitaldia, eta Oteizari hainbat urtetan egindako artxibo lana eta herriko kultur ekitaldien jarraipena aitortu nahi dio

                Azpeitiko Kultur Mahaiak Nicolas Oteiza Kaito ohorezko bazkide izendatuko du. Uztailaren 19an, igandea, 12:30ean, Sanagustin kulturgunean egingo dutea ohorezko bazkide izendatzeko ekitaldia. Oteizari, hainbat urtetan egindako artxibo lana eta herriko kultur ekitaldien jarraipena aitortu nahi dizkio Azpeitiko Kultur Mahaiak; besteak beste, argazkilaritzan eta Kaito Telebistan egindako lana. Kulturaren alde egindako lana aitortu nahi du Azpeitiko Kultur Mahaiak (AKM) ohorezko bazkidearen izendapenarekin, eta azpeitiarrak edo Azpeitian bizi diren lagunak hartzen ditu aintzat horretarako. Hori kontuan hartuta, AKM-k izendatutako hirugarren ohorezko bazkidea izango da Nicolas Oteiza. Aurretik Imanol Elias zena eta Manolo Sanjuan izendatuta ditu.  Imanol Elias idazle, historiagile eta antzerkigilea 2011ko abenduaren 11n izendatu zuen, kulturgintzan, herrigintzan, komunikabideetan eta beste zenbait alorretan egindako lana aitortuz. Manolo Sanjuan tailagilea berriz, 2013ko abenduaren 29an izendatu zuen, egindako ondare eta arte lana aitortuz.

Nicolas Oteiza Leceta Kaito-ren bizitzako zenbait zertzelada:

  • 1943ko urriaren 7an jaio zen Azpeitian.
  • 1959an Legazpiko Banco de Vizcayan hasi zen lanean. 1977ko otsailera arte jardun zuen bertan.
  • 1977ko martxoan argazkilari bezala hasi zen lanean Azpeitian, bere aitaren dendan. Egun udaltzaingoa dagoen tokian zegoen orduko denda.
  • 1980ko abenduan frontoi txiki aurreko denda berrian hasi zen lanean, Done Jakue kalean. 1996ko martxora arte egon zen bertan.
  • 1985eko abenduan hasi zen lehenengo bideo grabaketak egiten.
  • 1986an telebista moduko bat jarri zuen martxan bere etxetik inguruko etxeetarako.
  • 1990ean Ezkerretegitik hasi zen emititzen, herritar gehiagok ikusteko aukerarekin.
  • 1992an Azkoitiko Itxosta baserria bihurtu zen emisio gunea. Honek Azkoitia eta Azpeitia osorako emititzea ahalbidetu zion.
  • 1996tik 2000. urtera arte Artzubia kaleko Hondarbide gaineko bere etxean eduki zuen telebista Kaitok. Urte horretan, osasun arazoak tarteko, bere seme Urtzik hartu zion erreleboa Nicolasi.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide