Astebururako mobilizazioak iragarri zituzten joan den larunbatean herriko tabernetako ordezkariek, eta herriz herri antolatu dituzte eskualdean. Duela astebete Espainiako Auzitegi Gorenak 35/02 sumarioaren ebazpena berretsi izana salatuko dute, eta babesa adieraziko diete Arrano, Inpernupe, Harralde eta Orkatz tabernei eta bertako kideei.
Zarautzen, parez pare tokatu zaizkie herriko jaiak, sanpelaioak. Hori dela-eta, ez dute aukerarik izan mobilizazioak prestatzeko, ordezkarien arabera. Atzoko helduen danborradan, ohar bat irakurri zuten, herriko danbor-elkarteekin adostuta. Udan zehar jarraipena egiteko plan orokor bat prestatzen ari direla azaldu dute zarauztarrek.
Zumaian atzo egin zuten Inpernupeko bazkideen batzarra. Horrenbestez, ostegunetan egiten ari diren musika saio zikloa gaur egingo dute. Ahuntzaren Gauerdiko Eztula taldeak joko du Inpernupe parean, 20:30etik aurrera. Larunbaterako, artisten maratoia prestatu dute herrian zehar. Zumaiako musikari, antzezle eta bestelako artistek emanaldiak egingo dituzte herriko txokoetan. Iluntzean, berriz, manifestazio zaratatsua egingo dute, 19:30ak 20:00ak inguruan.
Getarian, globoak jarriko dituzte kalean bihar, eta kamisetak salduko, 11:00etatik aurrera. Igandean, 12:00etan, martxa laranja egingo dute herrian.
Bestalde, Azpeitian, Orkatzeko urteurren jaiaren egitaraua jarraituko dute. Gaur bertso saioa egingo dute. Bihar, pala txapelketako finala, batzarra, bazkaria eta kontzertuak izango dira. Igandean, berriz, erromeria izango dute Orkatzen.
Bestetik, hileko azken ostiraletako bilkurak egingo dituzte gaur herrietan.