Europako Sega Txapelketa jokatuko dute Azpeitian, abuztuaren 28tik 30era. Loiolako Basilikaren belardietan izango da lehiaketa, eta ordezkariek adierazi dutenez, "herri-kirolen nazioarteko gertaera garrantzitsuenetakoa" izango da. Suitza, Austria, Alemania, Eslovenia eta Hego Tyroleko kirolariak izango dira Azpeitian, Euskal Herrikoekin batera.
Denera, 92 segalari lehiatuko dira txapelketan; 61 gizon eta 31 emakume. Hala ere, laguntzaile ugari izango ditu probak; eta, guztira, 350 pertsonek parte hartuko dute. Selekzioetan banatuta egongo dira taldeak, eta hamabost segalari izango ditu nazio bakoitzak. Joan den edizioko irabazleek, ordea, parte-hartzaile bat gehiago izango dute: Suitzak gizonen mailan, eta Austriak emakumeen mailan.
Gaur, osteguna, aurkeztu dute Europako Sega Txapelketa Donostiako San Telmo museoan, bertan izan dira Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea,
Iker Ruiz de Eguino Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Zuzendaria, Edurne Arzelus Almitza elkarteko ordezkaria eta Garikoitz Lobregat Europako Sega Txapelketako koordinatzailea.
Sega txapelketaren bueltan,
egitarau zabala antolatu dute Azpeitian:
Abuztuak 28, ostirala
19:00: Herrialde guztietako arduradunei harrera, Azpeitiko udaletxean.
19:30: Musika animazio eta otorduak, Berdura Plazan.
23:00: Dantzaldia, Berdura Plazan.
Abuztuak 29, larunbata
16:00: Gaztetxoen I. Europako Sega Txapelketa, Ikasberri Ikastolaren ondoko zelaietan.
18:00: Kabalkada plazara, eta kultur erakustaldia.
19:00: Herrialde eta segalarien aurkezpena eta sailen zozketa, Berdura plazan.
Ondoren, ekitaldia eta jantokiaren irekiera.
23:30: Laketen kontzertua, Berdura plazan.
Abuztuak 30, igandea
10:00: Meza Loiolako Basilikan.
11:30: Europako Sega Txapelketa, gizonen lehenengo txanda.
13:00: Atsedena. Tarte horretan jantokia eta taberna izango dira mokadutxoa egiteko.
13:30: Europako Sega Txapelketa, gizonen bigarren txanda.
15:00: Europako Sega Txapelketa, emakumeen txanda.
18:00: Kanpoko herrialdeen kultur erakustaldia, Basilika atzean.
19:30: Ekitaldi nagusia eta sari banaketa, Berdura plazan.
22:00: Dantzaldia, Berdura plazan.
Honakoa da Europako Sega Txapelketako aurkezpen-bideoa. Azpeitiko Mikel Aranburu futbolari ohiak parte hartu du bertan, eta Zumaiako Jon Maiak zuzendu du.
https://youtu.be/NfkQ0sqV4qw