(Eneritz Albizu Lizaso)
Orkatzeko langilea da Iban Bergara (Azpeitia,1986) azken hamar urtean. Kultur elkartearen ibilbideaz hitz egin dio HITZAri.
Nola eta noiz sortu zen Orkatz kultur elkatea?
Orain dela 22 urte herritarrek ikusi zuten Azpeitiak gabezia asko zituela; kultura aldetik, esate baterako. Horiek betetzeko asmoarekin, ezkerreko jendea biltzen hasi zen. 60 pertsonek ekin zioten bideari. Hasieran, errenta ordaintzen zuten, baina une honetan, pagatuta dago guztia, eta Orkatzena da lokala.
Zenbat langilerekin hasi zen martxan Orkatz?
Hasieran, hiru ziren. Gaur egun, bi langile gaude hemen, baina aipatu behar da herritar ugarik laguntzen digutela. Kontzertuak eta halako ekitaldiak antolatzeko beste talde bat dago. Dena ez da izaten barrako lana. Jende asko dugu inguruan. Herritar horiei ere aipamen bat egin nahi genieke, eskerrak eman.
Kultur elkarte gisa, zer ekitaldi nabarmenduko zenituzke?
Ekitaldi eta kontzertu asko dira gogoangarriak. Adibidez, Doctor Deseo hemen izan zen hasiera haietan, eta drogen inguruko hitzaldiak ere antolatzen ziren. Ruper Ordorika, Benito Lertxundi, Porrotx eta Eñaut Elorrietarekin ere lotu ditugu emanaldiak. Nola ez, talde xumeei ere plaza eman diegu. Bertso saioak ere antolatu izan ditugu. Ni oso bertsozalea naiz, eta gogoan dut Ikiaaarriya saioa. Bertsolariak buruz behera abesten jarri genituen urte batean, hori Orkatzen soilik gertatzen da. Bestalde, oso polita izan zen bertako bezero eta lagunen artean sortu zen sega apustua. Horrelako gauzak irten izan dira hemendik, eta hori da guk herriari eskaintzen dioguna.
Orkatzek zer harreman izan du herritar eta eragileekin?
Beti egon izan da lotuta herritarrei. Sanagustin kulturgunearekin harremanetan gaude eta Kultur Mahaiko kideak gara. Uztarria Kultur Koordinadorako sorreran ere parte hartu zuen Orkatzek, beste kultur talde batzuekin batera. Musika taldeekin lan egiten dugu, eta elkarteekin ere antolatu izan ditugu mus txapelketak eta halakoak. Elkarlanean oinarrituta egon da beti gure lan egiteko modua.
Herritar eta elkarteentzat ere topaleku izan da, ezta?
Bai. Beste modu bateko herria eraiki nahi dutenentzat bilgune izan da, hitz egiteko eta eztabaidatzeko. Garai batean, gainera, ez zegoen zinema aretorik, Sanagustin edo Gatetxea, eta Orkatzek garrantzi handia izan zuen orduan Azpeitian.
Orkatz tabernatik kanpo ere lana egin du kultur elkarteak?
Jakina. Kalearentzat egin dugu lana, eta Soreasurako ere antolatu izan ditugu kontzertuak. Futbito txapelketan ere izaten gara, eta txapela eta tarta jartzen ditugu. Herritar denei egin nahi izan diegu eskaintza, ez tabernan bertan mugitzen direnei soilik.
(Eneritz Albizu Lizaso)
Zer egoeratan dago Orkatz une hauetan?
Ez dakigu nola joango diren gauzak, eta zurrunbilo batean gabiltza. Eskerrak eman nahi dizkiegu babestu gaituzten guztiei; izan ere, egunotan ikusi dugu Orkatz garrantzitsua dela herriarentzat. Nor ez da etorri enkargu baten bila, sarrerak erostera edo festara? Gehiago edo gutxiago, guztiok dugu taberna honetako oroitzapenen bat. Orain, gurea dena kendu behar digute, ez dakigu noiz eta nola, eta horrek egonezina sortzen du. Hala ere, herritarrei esan nahi diegu baditugula nahikoa arrazoi Orkatzen urteurrena ospatzeko eta elkarri animoak emanda aurrera egiteko. Denak daude gonbidatuta, eta Orkatz ixten badigute, Sanagustinen ospatuko dugu.
Itxiera hain gertu ikusita, zer oroitzapen datozkizu burura?
Inauteriak grabatuta gelditu zaizkit. Hemen beti dira bereziak: argazkiak, jantziak, tabernako giroa. Behin udalaren saria irabazi genuen Azpeitiko Kilometroen erreplika eginda.
Itxi ostean, zer?
Ixtera etorriko dira, baina guk gurea defendatuko dugu. Astelehenetik aurrera,herriz herri txandaka egingo dugu lo tabernetan, ikus dezaten, behintzat, gu hemen gaudela, eta beraiek herriak maite duen zerbait ixtera datozela. Behin itxitakoan, aurrera egingo dugu. Ez galdetu nola, eztabaidatuko dugu hori. Baina argi dugu lanean jarraitu behar dugula, proiektua ez dagoela agortuta eta Orkatzen beharra dugula.
Egitaraua
Bihar, ekainak 25
22:00. Poesia musikatua: Burdin-hariak eta plastikozko goilarak. Oier Gonzalez eta Markel Ormazabal.
Ekainak 26, ostirala
22:30. Bertso saioa: Andoni Egaña, Jon Maia, Maialen Lujanbio eta Eneritz Artetxe.
Ekainak 27, larunbata
10:00. Pala txapelketako finala.
11:30. Batzarra, Baigeran.
14:30. Bazkaria.
22:00. Kontzertuak: Egurra ta Kitto eta Oliba Gorriak.
Ekainak 28, igandea
18:00. Erromeria, Elizagoien ahizpekin.