Herriarteko finalerdietako joanekoa irabazi dute Azpeitiko pilotariek

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko ekainaren 22a

Joaneko saioa irabazi dute azpeitiarrek herriarteko finalerdietan. Ostiralean jokatu zituzten partidak, Frontoi Txikin, eta jendez gainezka egon zen pilotalekua. Bi eta batean gelditu zen markagailua, azpeitiarren mesedetan, eta Astigarragan jokatu beharko dute etorriko partida, datorren igandean. Azken froga igaroz gero, finalera sailkatuko dira Azpeitiko mutilak. Kadeteena izan zen lehen partida, eta 22 eta 16 irabazi zuten Ilunpe pilota elkarteko mutilek. Jon Alberdi eta Mikel Unanue azpeitiarrek jokatu zuten norgehiagoka, eta nahiko berdindua izan zen proba. Jubeniletan, Gorka Iriartek eta Julen Egigurenek osatutako bikoteak jokatu zuen, eta partidu erdira arte partida berdindua joan bazen ere, 22 eta 14 galdu ziren Astigarragakoak. Seniorrek aise irabazi zuten, 22 eta 9, eta giro bikaina jarri zuten Frontoi Txikin. Jurgi Larrañagak eta Daniel Murgiondok maila ona erakutsi zuten, eta tanto aldetik ere hurrengo asterako itxaropentsu utzi zuten Ilunpeko taldea. Beraz, 11 tantoko abantailarekin joango dira azpeitiarrak ostiralean Astigarragara. Ziurrenik, igande arratsaldean izango dira partidak, eta beharrezkoa dute lan ona egitea uztailaren 5eko finala jokatu ahal izateko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide