Jendetza irten da kalera Orkatzen aurkako epaia salatzeko

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko ekainaren 20a

Ehundaka azpeitiar irten dira kalera Orkatz kultur elkarteari babesa adieraztera, Konponbideari erasorik ez! Orkatz libre! lelopean. Espainiako Auzitegi Gorenak Herriko tabernen auzia-ren inguruko epaia berretsi izana salatu dute herritarrek, eta Azpeitia zeharkatu dute Orkatzi elkartasuna adieraziz. Plazan hasi, eta Perez Arregi plazan bukatu da manifestazioa. Ekitaldiaren bukaeran, agerraldia egin dute Orkatzeko ordezkariek eta manifestazioaren deitzaileek, eta salatu egin dute Orkatz "betiko ixteko agindua" eman izana. Bestalde, eskerrak eman dizkiote Azpeitiari, "benetan zabala eta anitza" izaten ari delako Orkatzi adierazten ari diren babesa: "Hamaika kolorez marraztu dugu elkartasuna". Deitzaileen artean nabarmendu dituzte Kultur Mahaiko talde eragilea, EH Bildu, EAJ, ELA, LAB, herriko 147 tabernari eta merkatari, Orkatzeko langile ohiak edota herriko bestelako 26 elkarte. Denen izenean esan dute Orkatzen alde egingo diren ekitaldietan parte hartzeko deia egiten dietela herritarrei.

Babes "izugarria"

Imanol Amenabar Orkatzeko langileak esan du "izugarria" izan dela azken egunetan jasotako babesa, eta eskerrak eman dizkie herritarrei, "elkartasun eta maitasunagatik". "Benetan harro egoteko herria dugu, eta ziur nago egun hauek ez ditugula sekula ahaztuko", adierazi du. Horrez gain, azaldu du herritar guztiak jakinaren gainean egongo direla Orkatz ixtera joaten direnerako. "Modu baketsu eta desobedientean" erantzungo diote azpeitiarrek itxierari, eta Amenabarrek herritarrak gonbitatu ditu parte hartzera. Orkatzeko langileak esan du ez dela "kasualitatea" Gure Esku Dagoren ekitaldiaren bezperetan halako erasoa jasotzea; horregatik eskatu die azpeitiarrei "bihotza bera eta burua hotz" mantentzeko, eta "inoiz baino gehiago" bihar Donostiara joateko. Datorren astean hasiko da Orkatz kultur elkartearen 22. urteurrenaren harira prestatua duten egitaraua, eta hura mantenduko dute. Orkatz itxi bitartean, bertan izango dira ekitaldiak; bestela, Sanagustinen jarraituko dute haiekin. Orkatzeko langileek gaurko hitzordua aprobetxatu dute Sanagustin kulturguneari ere eskerrak emateko.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide