Zirkoa eta gorputz adierazpena tailerra antolatu dute Udako Emakumeentzako Jabetze Eskolen baitan. Helburua da norbere gorputza eta mugimenduak ezagutzea, jolasaren bidez. Horretarako, koloreetan, naturako elementuetan eta objektuetan inspiratuko dira, zirkoko zenbait elementu baliatuz.
Tailerreko ariketak banaka, binaka edo taldetan egingo dituzte, eta honakoak landuko dituzte: espazioaren kontzientzia, oreka, kontzentrazioa, irudimena edo konfiantza, besteak beste. Hala ere, adierazi dute norberak zehaztuko dituela helburuak, eta irakasleak bidelagun izango direla.
Epeak eta ezaugarriak
Garazi Agirre eta Erika Olaizola izango dira irakasleak, eta hamabi orduko iraupena izango du tailerrak, guztira. Ekainaren 30etik uztailaren 3ra izango da ikastaroa, 16:00etatik 19:00etara. Ekainaren 27a bitartean eman daiteke izena. Horretarako, honako telefonoetara deitu behar da:
- Goizez: Udaleko Parekidetasun Sailera 943-15 79 28
- Arratsaldez: Emakumeen Txokoan 943-15 70 55