Azkoitiko eta Azpeitiko bost ikastetxek landu dute Elkarrekin Eraikitzen egitasmoa

Urola Kostako Hitza 2015eko ekainaren 18a

Eskualdeko errealitatea ezagutu dute 250 ikasle inguruk. Iraurgi Berritzenek proposatuta, zortzi kasu erreal landu dituzte Azpeitiko eta Azkoitiko eskoletan.

Azkoitiko eta Azpeitiko bost eskolak Elkarrekin Eraikitzen egitasmoa landu dute ikasturtean zehar, Iraurgi Berritzen garapen agentziak koordinatuta. Ikasleei gaur egungo gizartearen beharrak ikusaraztea da proiektuaren helburuetako bat, eta horretarako, elkarlanean aritu dira eskualdeko zazpi eragilerekin. Honako ikastetxeek parte hartu dute proiektuan: Floreaga Salestar Ikastetxeak, Iraurgi Ikastetxeak, Ikasberri Azpeitiko Ikastolak, Xabier Munibe Azkoitiko Ikastolak eta Urola Ikastolak. Azken finean, ikasleek aukera izan dute Iraurgi Berritzenek aurkeztutako zortzi kasu errealen inguruan lanketa eta hausnarketa egiteko. Enpresa eta eragileek proposatu dituzte kasu horiek, eta 250 ikasle inguru saiatu dira irtenbidea aurkitzen.

Hiru helburu nagusi

Egitasmoarekin, hiru helburu nagusi izan dituzte parte-hartzaileek. Ikasleen artean ekintzailetasuna sustatzea; hala nola, elkarlana eta komunikazio gaitasunak. Bestetik, irakaskuntza metodologia berritzaileak abian jartzea eta barneratzea eta ikasleei eskualdeko errealitatea eta beharrak ulertzen laguntzea. Horretarako bi fasetan egin dute lana: irakasleek metodologiak finkatu eta eskolara egokitu dituzte eta, bigarrengoan, ikasleek talde txikitan egin dute lana.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide