Lagun Onak Txirrindulari Elkarteak antolatuta, I. Mantangorri Txirrindulari Saria jokatuko dute bihar, 16:00etan hasita, Azpeitiko Sanjuandegi auzoan. Kimuek eta haurrek parte hartuko dute proban, eta honakoa da ibilbidea:
Sanjuandegiko Jose Antonio Agirre plazatik abiatu eta ibai aldera irtengo dira txirrindulariak. Handik Ingurugiro Etxera iritsi aurretik dagoen tuneltxoa pasatu eta atzeko bidera sartuko dira. Atzeko bidetik, aldapatik behera, Salbe auzuneari buelta emango diete kirolariek plazara itzuli aurretik. 1,2 kilometroko ibilbide horri bost itzuli inguru eman beharko dizkiote kimuek; eta 10 itzuli, berriz, haurrek.
Lagun Onak txirrindulari elkarteak azaldu du ibilbidean zehar errepidea mozteko eta ziurtatzeko, boluntarioak egongo direla txiribituekin eta banderinekin. "Hala ere, laguntza oro eskertzen denez, boluntario gisa laguntzera etortzeko dei egiten diegu animatzen diren herritar guztiei", esan dute. 14:45ak eta 15:00ak artean, Sanjuandegiko plazara joan daitezke lagundu nahi dutenak.
Azken mesede bezala, honakoa eskatu du elkarteak: "Lagun Onak txirrindulari elkarteak mesede bat eskatu nahi die Sanjuandegiko bizilagunei: errepidea moztuta egongo denez, lasterketak bere horretan joan daitezen eta ezbeharrik izan ez dezagun, kotxeak ordu batez geldirik edukitzea".