Bizitzako uneak, generoaren betaurrekoekin begiratuta

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko ekainaren 11

(E. Albizu Lizaso)   Beste behin erakutsi dute ez dela gertaera edo objektu neutralik existitzen. Begiratzen duten begiek, begiratzen dituen pertsonaren bizipenek, egiten dute bere objektu hori, gertaera hori. "Edo haiek egiten gaituzte gu?", galdetu zuen Eider Rodriguezek atzo, asteazkena, Azpeitiko Emakumeen Txokoan. Izan ere, Rodriguezek eta Zaloa Basabek Ilargian ez da emakumerik egon hitzaldi-tailerra eman zuten, "ustez neutroak diren objektuek ezkutatzen dituzten genero arazoak" aztertzeko. Tailerraren mamia lehen unetik ulertzeko, adibide bat jarri zuten haiek: ilargia. "Ba ote da ilargia baino astro femeninoagorik?", galdetu zuen Rodriguezek. Ilargia eta bere aldaera guztiak emakumearekin lotu izan dira beti, baina gizona izan zen han hanka jarri zuena, guztiek ezagutzen dute Neil Amstrong estatu batuarra. "Hala ere, bada emakume bat Amstrong baino sei urte lehenago espazioan izan zena: Valentina Tereshkova ingeniari errusiarra", azaldu zuten hizlariek. Tereshkova, ordea, ez zen Amstrong bezain ezaguna entzuleen artean. Hari horri tiraka hasi ziren Rodriguez eta Basabe sentipenek eta objentuek dituzten irudikapenei begira. Basaberen arabera, "objektuak ez dira material hutsak, beste ertz batetik begiratu diezaiokegu, itxuraz, inuzenteak diren objektu horiei". Beraz, hitzaldian mintzagai izan ziren zenbait gai dituzue hemen:

Txapela

Buru-estalki biribil eta zapala da txapela, baina zer irudikatzen du? Txapelak beti irudikatu izan du gizonaren irudia euskal gizartean. Bestalde, lehiaren sinboloa da txapela, txapela irabazteko asmoarekin jokatzen baitira lehiaketak. Maialen Lujanbiok Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan irabazitako txapela aipatu zuten: "Gizon batentzat eginiko txapela jantzi zuen emakume batek".

Makinak

Lan bat egiten edo hura osatzen laguntzen duten objektuen multzoa da makina. Oro har, gizonekin lotzen dira makinak, baina emakumeek ere harreman estua izan dute makinekin urteetan. Honela azaldu zuen Basabek: "Gure ama garbigailuaren funtzionamenduaz eta mantenuaz arduratzen zen haurrak ginela. Berak egiten zuen guztia; funtzionatzeari uzten zionean ere, bere esku gelditzen zen haren programazioa, goma edo dena delakoa ondo jartzea. Hala ere, VHSa etxera iritsi zenean, inor ez zen ausartu kaxa irekitzera, hura martxan jartzera: guztiok aitaren zain egon ginen, hark egin beharreko lana balitz bezala. Garbigailuak eta VHSak ez dute prestigio bera etxean, ezta gizonek eta emakumeek ere". Esparru akademikoan ere badira xehetasun batzuk. Basabek azaldu zuen Informatikako ikasketek Informatika izena zutenean, karrera egiten zuten pertsonetatik %55 emakumeak zirela. Ondoren, Ingeniaritza informatikoa izena jarri zieten ikasketei, eta materia berarekin jarraitu bazuten ere, %38an egin zuen behera emakumeen parte-hartzeak.  

Biberoia

Biberoiak ere bi zaku desberdinetan sartzen dituzte emakumeak eta gizonak. Rodriguezen hitzetan, amen aurkako "mezu kriminalizatzaileak" zabaltzen dituzte, haurrei biberoia ez emateagatik. "Gizon bat umeari biberoia ematen ikusten dugunean eredugarria iruditzen zaigu; hala ere, ez dugu begi onez ikusten ama batek umeari bularra beharrean biberoia ematea", esan zuen. Hori arriskutsua izan daiteke, hizlariaren arabera, emakumeen protagonismoa amatasunera murriztea ekar dezakeelako.  

Minbizia

"Emakumeek hobeto aguantatzen dute mina, gai dira min hori gordetzeko, ezkutatzeko". Halako esapideak oso ohikoak direla gogorarazi zuten hizlariek. Bularreko minbiziari dagokionez, adibidez, kanpainak egiteko begizta edo lazo arroxak eta peluxeak erabiltzen dituzte, emakumea haurtzarora eramanez: "Imajinatzen duzue prostatako minbiziaren aldeko kanpainak begizta urdinekin eta jostailuzko kamioiekin egitea", galdetu zuten. Osasunarekin lotuta, beste hamaika adibide jar daitezkeela esan zuten: "Beti esaten dugu bihotzeko krisi bat izan aurretik, ohikoa dela ezkerreko besoan mina sentitzea. Hori gizonen kasuan soilik da, emakumeek ez dute izaten sintoma hori", esan zuen Basabek. Hala ere, nabarmendu zuen gizonen sintomak erabiltzen direla "egia orokorren" gisara.

Poltsa

Poltsek eta haien erabilerak ere banatzen dituzte gizonak eta emakumeak. Gizonek nahikoa dute telefonoa, giltzak eta kartera hartzea etxetik irteteko; baina emakumeek, horiez gain, ura, tanpoiak, agenda, boligrafoa, aterkia, zapia, eguzkitako betaurrekoak eta abar erabiltzen dituzte beti soinean. "Horrek erakusten du emakumeak ez duela lortu etxebizitza atzean uztea oraindik", esan zuen Rodriguezek. Horrez gain, nabarmendu zuen emakumeak zenbat eta gehiago lan egin etxetik kanpo, orduan eta handiagoak ari direla bilakatzen poltsak: "Kasualitatea ote?"  

Umetokia

Sexuarekin, organo sexualekin, bada desberdintasuna gizonen eta emakumeen artean. Hizlarien arabera, umetokia derrigor-derrigorrez umearekin lotzeak, izena ere hala emateak zer pentsatua ematen du: "Barrabilei ume biltokia deituko al genioke?". Amatasunarekin lotzen dira organo sexualak, eta badirudi haurra duela emakumeak helburu eta xede.

Odola

Adorea, kemena. Hori adierazten du gizonezkoen odolak. Gudan isuritako odola, gizonena, arbasoena, goretsia da herrialde guztietan. "Espainiako bandera, adibidez, gizonen odol gorriaren gainean dago eraikita". Jainkoaren ardoa ere goraipatua da, mezetan edan egiten da, ardoaren forman. "Gizonen odola bai, baina zer gertatzen da emakumeen odolarekin?". Emakumeen odola hilekoarekin lotzen dugula esan zuten. Odol hori "isildua" izan da urteetan, "intimotasunera eramana, ezkutatua": ez da gauza bera gizonen eta emakumeen odola.

Ahotsa

"Europako emakumeen ahotsa lau tonu jaitsi da azken urteetan", azaldu zuen Basabek. Zergatik ote? Eztabaidaren ostean, ondarioztatu zuten lidergoa gizonarekin lotu izan dugulako izan daitekeela: "Gizonezkoen antza izateak lidergoaren esentzia hori ematen dio emakumeari, eta horrek behartzen du, askotan, bere jarrerak, itxurak, aldatzera". Horrekin lotuta, Basabek Miamiko unibertsitate batean biologo eta politologo batzuek eginiko azterketa azaldu zuen. Zenbait gizon eta emakume jarri zituzten mezu bera esaten, politikarien azalean, eta herritarrei nori sinisten zioten aukeratzeko esan zieten. Gizonak aukeratu zituzten herritarrek, eta honako arrazoiak eman zituzten, besteak beste: konfiantza, gaitasuna, zintzotasuna edota zilegitasuna.

Hiztegia

Hiztegiak ematen diete hitzei boterea eta zentzua. Haien eraketan, ordea, gizonak dira nagusi. Euskaltzaindia, Real Academia Española eta L'Academie Francaise izan zituzten hizpide. Euskaltzaindia, adibidez, 1918an sortu zen, eta 1992an egin zuten lehen aldiz emakume bat Euskaltzain oso: Miren Azkarate. Euskaltzaindiako kideen irudia, 1927an. Beste hitz batzuk ere aztertu zituzten hizlariek eta entzuleek. Haien artean, takoiak, lansariak, jostailuzko armak, iraultzarekin lotutako kamisetak, landareak, animalak edota instrumentu musikalak izan zituzten hizpide. "Horrela barneratzen dira kontzeptu politikoak. Egunerokoan, ohartu gabe ere irudikapen sinbolikoak jaten ditugu", esan zuen Rodriguezek. Kalera irten, ingurura begiratu, eta zer pentsatua utzi dute. Bizitzako une guztiak begiratu eta azter daitezke generoaren betaurrekoetatik. (E. Albizu Lizaso)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide