Lasterketa bana jokatuko dute Sanjuandegin eta Urrestillan asteburuan

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko ekainaren 10a

Larunbatean jokatuko dute San Juan krosa, eta igandean, berriz, Nepalgo umeei laguntzeko antolatutakoa. Urrestillako krosean izena eman daiteke dagoeneko Herrikrossa.com webgunean.

Bi kros jokatuko dituzte asteburuan Azpeitian: Sanjuandegin bat, eta Urrestillan bestea. Beraz, korrikalariek ez dute aitzakiarik izango oinetakoak jantzi eta saltoka irteteko. Urrestillako XIV. San Juan Krosa larunbatean jokatuko dute, 17:00etatik aurrera; eta Nepalgo umeei laguntzeko lasterketa solidarioa igandean egingo dute, 10:30ean hasita. Urrestillako proban adin guztietako herritarrek har dezakete parte, baina Sanjuandegikoa haurrentzat eta gaztetxoentzat izango da. Urrestillako San Juan krosa tradizio handiko proba bihurtu da auzoan ez ezik, baita eskualdean ere. Edonork har dezake parte lasterketa horretan; izan ere, zortzi maila desberdinetan banatu dituzte lasterketak. Izena doan eman daiteke dagoeneko herrikrossa.com webgunean. Dortsala egunean bertan erosi nahi dutenek bost euro ordaindu beharko dituzte. Bestalde, izena ematen duten guztien artean opariak zozkatuko dituzte, eta haur guztiei emango dizkiete dominak. Oroigarriez gain, maila guztietan, lehen hiru sailkatuek sariak jasoko dituzte. Urrestillako krosa festen aurreko gozokia izan ohi da, datorren astetik aurrera hasiko baitira herriko jaiak, ekainaren 20tik aurrera, astebetez.

Korrika solidarioa

Nepalgo haurren aldeko lasterketan, 2001etik aurrera jaiotako haurrek izango dute parte hartzeko aukera. Egitasmoa antolatu dute apirilaren 25ean Nepalen izandako lurrikarak utziko kalteak, nolabait, arintzen laguntzeko asmoarekin. XJ Auzolanean-ek, Xeye atletismo taldeak, Azpeitiko Udalak, Child Bright fundazioak eta herriko beste kooperazio talde batzuek antolatu dute proba. Izena ostegunean 18:00-20:00 artean eman daiteke Sanjuandegiko auzo lokalean, igerilekuko eraikinean. Bestela, igandean bertan ere jarriko dute horretarako aukera, 09:15etik aurrera. Doakoa da, baina borondatea eskatuko dute, eta Nepalgo umeei laguntzeko erabiliko dute lortutako dirua.

Ordutegia, mailaka

XIV. San Juan krosa. Urrestilla.

17:00. 0 urtetik 8 urte bitartean. 200 metro. 17:15. Benjaminak, LHko 3. eta 4. mailakoak. 550 metro. 17:30. Kimuak, LHko 5. eta 6. maila. 950 metro. 17:45. Haurrak, DBHko 1. eta 2. mailakoak. 1.190 metro. 18:00. Kadeteak, jubenilak, seniorrak eta beteranoak. Hurrenez hurren, 2.300, 4.500, 8.850 eta 8.850 metro.

Nepalgo haurren alde. Sanjuandegi.

10:30. 2011ren ondoren jaiotakoak. 200 metro. 10:45. 2010-2009 urteetan jaiotakoak. 450 metro. Ondoren. 2008-2007 urteetan jaiotakoak. 650 metro. Ondoren. 2006-2005 urteetan jaiotakoak. 900 metro. Ondoren. 2004-2003 urteetan jaiotakoak. 1.300 metro. 11:45. 2002-2001 urteetan jaiotakoak. 1.950 metro.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide