Joseba Albizu: "Nahiago dut afiziotzat eduki txirrindularitza, lanbidetzat baino"

Urola Kostako Hitza 2015ko eka. 10a, 08:00

Bizikleta du afizio eta ofizio Joseba Albizu Erreka-k (Azpeitia, 1978). Bizikletak konpontzen harrapatu dugu lantokian, eta bueltaxka egitera irten da elkarrizketa bukatu ostean. 100 kilometro inguru egiteko asmoa du. Donostia-Bartzelona mendiko bizikletako proba irabazi duzue. Nolakoa izan da esperientzia? Oso ona. Ostegunean joan ginen Kataluniara, ostiral goizean bizikleta-buelta bat egin genuen, bazkaldu, eta iluntzean, Ibon Zugasti hasi zen lehen erreleboarekin. Bigarrena, Vidal Celisek egin zuen, eta nik hirugarrena hartu nuen. Gauez ibiltzea suertatu zitzaidan, 3:00etatik 7:30era egin nuen nire zatia. Zer moduzko esperientzia izan duzu gauez? Ederra. Gainera, inoiz ez zait egokitu gauez aritzea, eta nahiko ondo moldatu naiz. Tentsio handia izan nuen: ez da asko ikusten ilunpean, GPSari arretaz begiratu behar zaio, ibilbideari ere bai. Fisikoki baino gehiago nekatu nintzen psikologikoki. Beldur pixka bat ere pasatu nuen, zaratak entzuten nituen bidean; piztien txistuak, esate baterako. Errespetua ematen zuten. Iluntasunean, animalien begiak sumatu nituen, azeriak eta erbiak bidea gurutzatzen ere bai. Eguna argitzen ere ikusi nuen, eta polita izan zen esperientzia. Erraz mantendu al zenuen orientazioa? Bai, ondo ibili nintzen. Bidegurutzeren batean deskuidatu nintzen, baina segituan aurkitu nuen bide ona. Alde horretatik banuen kezka, baina taldekideek konfiantza eman zidaten, eta horrek ere lagundu dit. Zer balorazio egin du taldeak? Oso ona. Elkarlanean aritu gara, eta ongi irten zaigu guztia. Halako probetan, elkarbizitzak ere pisu handia du, eta gu ondo moldatu gara. Banakako probetan Erreka Bike taldearekin aritzen zara, zeure enpresako jantziekin. Titan Deserten hasi zinen MMR-Powerade-Garmin taldearekin lasterketak jokatzen. Nola izan zen lehen kontaktu hori? MMR-Powerade-Garmin taldea Bartzelona-Donostia proba gisako lasterketak egiteko sortu zen. Madril-Lisboa, esate baterako, bi urtez jarraian irabazi dute dagoeneko. Orain artean, Oscar Pujol txirrindularia ibili da haiekin, baina Japoniako talde batera joan da orain. Beraz, Zuberok, taldeko kide batek, Titan Desert-era beraiekin joateko proposamena egin zidan, eta pentsatu ere egin gabe erantzun nuen baietz. Hortik dator istorioa. Han eginiko lanarekin gustura gelditu ziren, eta Donostia-Bartzelonarako deitu zidaten. Bestela ere lasterketa hori egitekoa zinen, ezta? Bai, bakarrik egin nahi nuen ibilbidea. Hasieran, gainera, proposamena egin zidatenean, zalantzak izan nituen, haiekin joan edo neuk bakarrik egin proba. Niretzat erronka bat zen 759 kilometro horiek bakarrik egitea, baina konbentzitu egin ninduten beraiekin joateko, eta orain ez naiz damutzen. Hala ere, aurrera begira, nire helburuetako bat da Bartzelona-Donostia bakarrik egitea. MMR-Powerade-Garmin taldearekin lasterketak jokatzen jarraituko duzu? Bai, hurrena Madril-Lisboa izango da, irailean. Bartzelona-Donostiaren gisako mendi bizikletako proba da hori, eta bien arteko puntuekin sailkapen nagusia dago. Errepidean eta mendian, bi modalitateetan ibiltzen zara. Desberdinak dira zeharo? Bai, desberdinak dira. Errepideak aukera gehiago ematen dizkizu entrenamendu serioak egiteko eta gorputza sasoian mantentzeko. Mendiko bizikletarekin, gehien bat, teknika hartzeko entrenatzen duzu, baina ez fisikoki prestatzeko. Lehiari dagokionez, bizitza osoan errepidean ibili naiz, eta mendiko probak gehiago gustatzen zaizkit orain. Gaur egun, distantzia luzeko mendiko lasterketak dira nire berezitasuna, malda handikoak. Txirrindularitza afizio bezala bizi duzu, nola moldatzen zara lana eta entrenamenduak uztartzeko? Ahal den leku denetatik ateratzen dut denbora. Bazkaria kentzen diot egunari, hamaikak aldera zerbait jaten dut, eta denda itxi orduko bizikletan ibiltzera irteten naiz, 16:30ean berriro irekitzen dudan arte. Askotan, denda ireki aurretik joaten naiz bizikletak konpontzera, bestela zaila da dena egitea. Txirrindulari profesionala izan zinen. Orain jarraitzen duzu bizikletan, baina konpromiso maila desberdina da. Desberdin bizi duzu kirol hau? Profesionala nintzenean, txirrindularitza zen nire lana. Presioa oso handia zen, eta emaitzak lortzera zegoen bideratuta nire bizitza. Egia esan, ez nuen orain adina gozatzen bizikletaz. Orain nire lana daukat, eta afizioa da bizikleta. Oso konprometituta nago txirrindularitzarekin eta nire egutegiarekin, baina nire buruarekin soilik dut konpromisoa. Entrenamenduak errazago egiten ditut, eta sakrifizioa ere gusturago hartzen dut. Gezurra dirudi, lehen nire denbora guztia horretarako nuen, baina zaila zen gozatzea. Kanpotik ez da ikusten, baina oso gogorra da beti ehuneko ehunean egon behar hori; entrenatu eta, zenbaitetan, iristen ez zarela ikustea; beti besteen menpe egotea. Beraz, ez duzu pentsatu ere egin mendiko bizikletatik bizitzea, ezta? Nahiago dut nire lanarekin jarraitu, eta babesle gisa neure dendako arropak erabili. Horrela, nire erara moldatzen dut egutegia, eta ez dut inori azalpenik eman beharrik. Lehen ere ikusi dut zer den mundu hori, baina nahiago dut afiziotzat eduki txirrindularitza, lanbidetzat baino. Esan izan didate aukerak izango nituzkeela honetatik bizitzeko, baina ez dut nahi. MMR-Powerade-Garmin taldekoek eskatzen didatenean haiekin joan, eta gero nire erara ibiliko naiz. Aurrera begira, zer erronka dituzu denboraldirako? Espainiako Ultramaratoien txapelketa, 125 kilometro baino gehiagokoena, ari naiz jokatzen, hiru probez osatua dago hori, eta asteburu honetan dut bigarren saioa. Proba puntuagarriak hiru dira: martxoan, ekainean eta urrian. Lehenengoan laugarren bukatu nuen. Orain hobeto nago fisikoki, eta uste dut lan hobea egin dezakedala. Gainera, luzeagoa da proba, eta horrek on egiten dit niri. 165 kilometro ditu lasterketak, eta 4.700 metroko malda, zortzi ordu inguruko saioa izango da. Nire helburua sailkapen nagusian lehen bien artean gelditzea da. Horrez gain, Espainiako txapelketa jokatuko dugu uztailaren 4an, Herrialde Katalanetan. Pedal de Fox izena du probak, joan den urtean jokatu nuen, eta bigarren bukatu nuen. Galduta ibili nintzen, eta badut arantzatxo bat. Bestalde, uztailaren bukaeran Iron Bike Italiako itzulia jokatuko dut, hirugarren aldiz. Lehen urtean laugarren egin nuen; bigarrengoan bigarren, eta orain ere zerbait egin beharko dugu. Nahiko zaila ikusten dut irabaztea, baina saiatuko gara. Ondoren, Madril-Lisboan izango naiz taldearekin. Horiek ditut finkatuta, baina gehiago ere egingo ditut ziurrenik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide