Bartzelona-Donostia mendi bizikletako proba irabazi dute Albizuk eta taldekideek asteburuan, eta erronka gehiago ditu buruan.
Bizikletak ditu afizio eta ofizio Joseba Albizuk (Azpeitia, 1978). Bizikletak konpontzen harrapatu du HITZAk lantokian, eta bueltaxka egitera irten da elkarrizketa bukatu ostean. 100 kilometro inguru egiteko asmoa du.Donostia-Bartzelona mendiko bizikletako proba irabazi duzue. Lehen erreleboa gauez suertatu zitzaizun. Nolakoa izan da esperientzia?
Ona. 03:00etatik 07:30ak arte egin nuen erreleboa. Inoiz ez zait egokitu gauez aritzea, eta ondo moldatu naiz. Fisikoki baino gehiago nekatu nintzen psikologikoki; GPSari begira, bidea jarraitu nahian. Beldur pixka bat ere pasatu nuen, zaratak entzuten nituen bidean; piztien txistuak, esate baterako. Errespetua ematen zuten. Iluntasunean, animalien begiak sumatu nituen, azeriak eta erbiak bidea gurutzatzen ere bai. Eguna argitzen ikustea ere tokatu zitzaidan, polita izan zen esperientzia.
Erraz mantendu al zenuen orientazioa?
Bai, ondo ibili nintzen. Bidegurutzeren batean deskuidatu nintzen, baina segituan aurkitu nuen bide ona. Alde horretatik banuen kezka, baina taldekideek konfiantza eman zidaten.
Zein da taldearen balorazioa?
Oso ona. Elkarlanean aritu gara, eta ongi irten da. Halako probetan, elkarbizitzak ere pisu handia du, eta ondo moldatu gara.
Banakako probetan Erreka Bike taldearekin aritzen zara, zeure enpresako jantziekin. Titan Desert-en hasi zinen MMR-Powerade-Garmin taldearekin lasterketak jokatzen. Nola izan zen lehen kontaktu hori?
MMR-Powerade-Garmin taldea Bartzelona-Donostia gisako lasterketak egiteko sortu zen. Madril-Lisboa, esate baterako, bi urtez jarraian irabazi dute. Orain artean, Oscar Pujol txirrindularia ibili da haiekin, baina Japoniako talde batera joan da orain. Beraz, Zuberok, taldeko kide batek, Titan Desert-era beraiekin joateko proposamena egin zidan, eta pentsatu gabe erantzun nuen baietz. Hortik dator istorioa. Han eginiko lanarekin gustura gelditu ziren, eta Donostia-Bartzelonarako deitu zidaten.
MMR-Powerade-Garmin taldearekin lasterketak jokatzen jarraituko al duzu?
Bai, hurrena Madril-Lisboa izango da, irailean. Bartzelona-Donostiaren gisako mendi bizikletako proba da hori, eta bien arteko sailkapen nagusia dago.
Errepidean eta mendian, bi modalitateetan ibiltzen zara. Desberdinak al dira zeharo?
Bai. Errepideak aukera gehiago ematen dizkizu entrenamendu serioak egiteko eta gorputza sasoian mantentzeko. Mendiko bizikletarekin, gehienbat, teknika hartzeko entrenatzen duzu. Lehiari dagokionez, bizitza osoan errepidean ibili naiz, eta mendiko probak gehiago gustatzen zaizkit orain.
Txirrindularitza afizio bezala daukazu; nola moldatzen zara lana eta entrenamenduak uztartzeko?
Ahal den leku denetatik ateratzen dut denbora. Bazkaria kentzen diot egunari; 11:00ak aldera jaten dut, eta denda itxi orduko bizikletan ibiltzera irteten naiz, 16:30ean berriro ireki arte.
Txirrindulari profesionala izan zinen. Orain jarraitzen duzu bizikletan, baina konpromiso maila desberdina da.
Profesionala nintzenean, txirrindularitza zen nire lana. Presioa oso handia zen, eta emaitzak lortzera zegoen bideratuta nire bizitza. Egia esan, ez nuen orain adina gozatzen bizikletaz. Orain nire lana daukat, eta afizioa da bizikleta. Konprometituta nago txirrindularitzarekin, baina neure buruarekin soilik dut konpromisoa. Entrenamenduak errazago egiten ditut, eta sakrifizioa ere gusturago hartzen dut. Gezurra dirudi, lehen denbora guztia horretarako nuen, baina zaila zen gozatzea. Kanpotik ez da ikusten, baina oso gogorra da beti ehuneko ehunean egon behar hori; entrenatu eta, zenbaitetan, iristen ez zarela ikustea; beti besteen menpe egotea.
Beraz, ez duzu pentsatu ere egin mendiko bizikletatik bizitzea, ezta?
Nahiago dut nire lanarekin jarraitu. Horrela, neure erara moldatzen dut egutegia, eta ez dut inori azalpenik eman beharrik. Lehen ere ikusi dut zer den mundu hori, baina nahiago dut txirrindularitza afiziotzak eduki, lanbidetzat baino. Esan izan didate aukerak izango nituzkeela honetatik bizitzeko, baina ez dut nahi. MMR-Powerade-Garmin taldekoek eskatzen didatenean haiekin joan, eta gero neure erara ibiliko naiz.
Aurrera begira, zer erronka dituzu denboraldirako?
Espainiako Ultramaratoien txapelketa ari naiz jokatzen, hiru probez osatua dago, eta asteburu honetan dut bigarren saioa. Lehenengoan laugarren egin nuen. Orain hobeto nago fisikoki, eta uste dut hobeto egin dezakedala. 165 kilometro ditu, eta 4.700 metroko malda: zortzi ordu inguruko lana izango da. Helburua sailkapen nagusian lehen bien artean gelditzea da. Horrez gain, Espainiako txapelketa dut uztailaren 4an. Uztailaren bukaeran IronBike Italiako itzulia jokatuko dut, hirugarren aldiz. Ondoren, Madril-Lisboa egingo dut taldearekin.