Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
"Herri honetan ohituta gaude konpromiso kolektiboak hartzera, elkar dezagun ohitura hori enpresaren mundura", adierazi du Xabier Oleaga Azkueko administrazio kontseiluko lehendakariak. Parket eta altzari enpresa berriaren inaugurazioan izan dira gaur, Urrestillan, enpresa hartu duten 34 langileak, Azcue y Cia-ko langile ohiak, senideak eta politikariak; haien artean, besteak beste, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia edo Arantza Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko burua.
Martxoaren bigarren astean hasi ziren lanean Azkue enpresa berriko langileak. 34 langileren artean hartu dute enpresa, eta Oleagak azaldu duenez, bazkide gehienak Azcueko langile ohiak dira. 2 milioi eurotan erosi dute lantokia; erdia beraien poltsikotik jarri dute langileek, eta beste erdia entitate finantzieroen kredituekin ordainduko dute. "Langile bakoitzak 15.000 euro jarri ditu, eta hori benetan baloratu behar da; izan ere, momentu zaila da haientzat, langabeziko dirua bukatzen ari baitzaie", azaldu du administrazio kontseiluko lehendakariak.
Negozioak, abian
Denbora ez dute alferrik galdu, eta dagoeneko 7.000 metro koadro parket egin dituzte Azkuen. Horrez gain, datozen asteetan beste 12.000 metro koadro produzitzeko konpromisoa hartu dute; dirutan, 600.000 euroko balioa dute horiek. Altzariekin ere akordioak lotzen ari dira: bi enpresa katerekin itxi dituzte negozioak, Juvenil Keeds altzariak saltzeko. Bestalde, Dubaiko enpresa batek Nueva Linea gama altuko lerro berriko 700 armairu eskatu dizkiete; eta 2.000 ohe, berriz, Ameriketako Estatu Batuetako beste enpresa batek. Oleagak esan du "onak" direla zifrak, baina "hobeak izan zitezkeela": "Urteko garai onena galdu dugu parketa egiteko, urtarrila. Galera garrantzitsua izan da hori guretzat, epategietako kontuak luzatu egin baitira. Hala ere, gustura gaude egiten ari garen lanarekin".
Langileei dagokionez, Oleagak esan du 74 pertsonako lan-poltsa osatu dutela, eta hortik tiraka jarraitzea dela beraien helburua. "Langile ohiei lana ematea da gure xedea, ikusiko dugu zer formularekin egiten dugun hori, sozietate laboralean langile mota bat baino gehiago egon baitaitezke: beharren eta konpromisoen arabera neurtuko dugu", esan du. Oleaga "harro" sentitzen da langileek eginiko lanarekin: "Merezi du arriskuak eta konpromisoa hartzea; eta, ildo beretik, TS Fundicioneseko bidea ere poztekoa da. Helburua da garrantzitsua, lanean ari garela, industriari bultzada eman diogula". Orain artean, musutruk egin dute lana Azkueko bazkideek, eta datorren astean hasiko dira beraien lehen soldatak jasotzen. Bazkideak ez diren langileek, ordea, "lehen unetik" izan dute soldata, Oleagaren esanetan. Langile horiek ingenialariak eta behin-behineko beste profesional batzuk dira, enpresa abian jartzeko alea jarri dutenak.
Hitz gozoak denentzat
Gaur, larunbata, eguerdian eginiko inaugurazio ekitaldian, hitz gozoak eta hunkigarriak izan dituzte guztiek ahotan. Xabier Oleagak esan du "jaiotzak eta ezkontzak" izaten zirela lehen "tribuaren iraupena" bermatzen zuten ekitaldiak. Hori dela-eta, ezkontza gisako ekitaldia prestatu dute lantokian bertan, politikari nahiz herritarrekin. "Gizarte irekiari eginiko ekitaldia da hau, eta azpeitiar erara egin nahi izan dugu", esan du sozietate laboraleko lehendakariak. Oleagak eskerrak eman dizkie Jon Arratibel kudeatzaileari, administratzaile konkurtsalei, Pedro Malagon epaileari eta abarri, baina, bereziki, langileak izan ditu gogoan. Hark nabarmendu du "krisiaren aurrean, etsipenik" ez dela izan behar. Faustino Garcia-Monco eta Edu Etxarte langileen ordezkariek hartu dute hitza, ondoren. "Denbora da hau itxi ostean, lehen aldiz hona etorri ginela, denbora pasatu da, pausoak eman dira, eta esan dezakegu martxan gaudela". Orain lana beraien esku dagoela esan du Garcia-Moncok, eta hori bera dela "epailerik gogorrena". Etxartek nabarmendu du protagonistak "beti atzean" egoten direla, eta langileentzat errekonozimendua eskatu du.
Carlos Pujana sozietate laboraleko lehendakariak esan du "zezenari adarretatik heldu" diotela Azkueko langileek, beraien arazoei "ebazpenak" beraiek aurkitzeko: "Eredugarria da egiten ari zaretena, oztopoak aurkituko dituzue, baina aurrera egingo duzue". Arantza Tapiak hartu du hitza haren ostean, eta esan du "historia" egin dutela Azkueko langileek: "Ez dut ahaztu nahi momentu txarrak pasatu dituzuela, baina aurrera egin duzue". Tapiaren arabera, azpeitiarrentzat eta bailararentzat "garrantzitsua" da Azkueren irekiera. Eusko Jaurlaritzako Garapen eta Lehiakortasun sailburuak Azkueren "kudeaketa eredu berria" goraipatu du: "Pertsonak jarri dituzue erdian, eta hori da bidea". Bestalde, Tapiak hizpide izan du Langileen Partaidetzako diru-partida. 4,5 milioi jarri dituzte Eusko Jaurlaritzak eta ASLEk, Euskadiko Sozietate Laboraren Taldeak, sozietate laboralei laguntzeko, eta esan du Azkue izango dela bultzada ekonomiko hori jasoko duen lehena.
Aitzindariari omenaldia
Ekitaldia borobiltzeko, dantzari, trikitilari eta Xebastian Lizaso bertsolariekin batera, aitortza egin diote Luis Azkueri, Azcue y Ciako lehendakari ohiari. Oleagak azaldu duenez, hark eman zion familiaren abizena proiektuari; eta, orain, bere baimenarekin, "harro" erabiliko dute langile berriek Azkue marka. Ohorezko lehendakari egin dute Luis Azkue, eta makila zein idatzi bat oparitu dizkiote.