Bartzelona-Donostia mendi bizikletako proban parte hartuko du Joseba Albizuk

Urola Kostako Hitza 2015eko ekainaren 5a

Albizu, Celis eta Zubero, Bartzelonako izen-ematean. Zugasti taldekidea falta da argazkian. (J. Albizu) Joseba Albizu txirrindulari azpeitiarrak Bartzelona-Donostia mendiko bizikletako proba jokatuko du gaurtik aurrera; 20:00etatik aurrera, hain zuzen. MMR-Powerade taldearekin lehiatuko da, eta lau txirrindulariren artean egingo dute itzulia. Honakoak dira Albizurekin Bartzelonan diren kirolariak: Ibon Zugasti, Vidal Celis eta Julen Zubero. Lauren artean, 759 kilometro egingo dituzte, erreleboka, eta lasterketa 30 orduan bukatzea espero dute; larunbat gaua eta igande goiza bitartean, alegia. 250 txirrindulari inguruk eman dute izena Non-Stop probaren lehen edizioan. Erreleboak banatuta dituzte dagoeneko, eta hirugarren eta zazpigarren zatia egingo ditu Albizuk. Balaguer udalerritik (Lleida, Herrialde Katalanak) hasi, eta Candasnos (Huesca, Espainia) bitartean egingo du hirugarrem zatia, 125 kilometrokoa;  zazpigarrena, berriz, Euskal Herriko mugetan egingo du, Irurtzunetik Doneztebera (Nafarroa). Zati horretan, 47 kilometro aldapatsu ditu egiteko azpeitiko txirrindulariak. Bartzelonako Montjuic mendixkan hasiko da proba; eta Donostian, Anoeta estadioaren parean, bukatuko da. MMR-Powerade taldeak irabazi ditu gaurkoaren gisako Madril-Lisboa probako azken bi edizioak, eta Albizuk azaldu du "ardura" dela beraiekin irteteak. Hala ere, "lasai" dago azpeitiarra, eta beraien "helburu bakarra" irabaztea dela ziurtatu du: "Sasoiko sentitzen naiz, eta taldekideak ere bai; beraz, guztia emango dugu irabazteko". Txirrindularien kokapena eta denborak zuzenean jarrai daitezke esteka honetan, 20:00etatik aurrera. Honakoa da probako mapa:

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide