Gorka Azkune: "Egunero telebistan irteten dena da garrantzitsua jendearentzat"

Eneritz Albizu Lizaso 2015ko eka. 5a, 08:00

Gorka Azkune (Elhuyar) Ikerlaria da Gorka Azkune (Azpeitia, 1982), eta adimen artifizialaren eremuan eginiko lorpenak herrira ekartzen ditu, dibulgazio artikuluekin. CAF-Elhuyar sarietan, dibulgazioko testu onenaren izendapena eskuratu du Garun txiki birtualak lanarekin. IkerGazte kongresuan ere aitorpena egin diote Ezagutzan oinarritutako giza jardueren eredu dinamiko eta pertsonalizatuak ikasten artikuluari. Garun txiki birtualak artikuluarekin lortu duzu 2014ko CAF-Elhuyar dibulgazio saria. Deep learning edo ikasketa sakona landu duzu. Nola koka dezakegu gaia? Adimen artifizialaren esparruko gaia da. Arlo horretan, hamaika teknika daude, eta horietako bat da deep learning deritzona. Gure garunak lana egiteko duen moduan inspiratzen da: neuronen izaera, haien loturak eta halakoak aztertzen ditu, jokabideak ordenagailuetara ekartzeko. Artikuluan iker-teknika berri horiek azaltzen saiatzen naiz. Ikerketa ugari ari dira egiten alor horretan. Zer puntutan dago deep learning-a? Oso zientzia gaztea da. 2006an hasi zen indarra hartzen; denbora gutxi da hori ikerkuntzaren munduan. Etorkizuna, ordea, baikorra da; asko ari dira aurreratzen, teknika berriak, aplikazioak eta abar. Gainera, jende ugari ari da horretan lanean. Aurrera begira, zientzia horrek zer lorpen egin ditzakeela ikusten duzu? Gizakiak oso abilak gara gauza zehatz batzuetan, irudiak eta soinuak ezagutu eta gogoratzen, adibidez. Hori oso zaila da ordenagailu batentzat, oraingoz. Gure garunaren funtzionamendua benetan konplexua da. Beraz, oraingoz lortu duguna da gisa horretako lanetan, hau da, irudiak eta soinuak identifikatzean, gizakien antzeko funtzionatzeko moduetara hurbiltzea. Adibidez, dagoeneko mugikor adimentsuek gaitasuna dute esaten dieguna ulertzeko eta interpretatzeko. Mugikorrari galdetzen badiogu Zein da munduko mendirik altuena?, hark segituak erantzungo digu: Everest, 8.850 metro ditu. Zure kodea ezagutzen du, eta horri erantzuna emateko gai da. Hala ere, oraindik nahiko sinpleak dira irudikapenak. Etorkizunera begira, zein dira erronkak? Batetik, dagoeneko lanean ari garen esparruetan aurrera egitea, eta geroz eta eginkizun konplexuagoak lortzea da xedea. Bestetik, jardute-eremua zabaldu behar dugu: bideora, adibidez. Giza garuna ere modu hierarkikoan antolatuta dagoela esaten duzue. Ez al ditu beste berezitasun batzuk, teknologiak ezin dituenak kopiatu? Hasteko, ez dakigu ziur-ziur nola funtzionatzen duen garunak berak ere. Bestalde, bi zientzia desberdin dira neurologia eta adimen artifiziala. Hala ere, egia da lotuta daudela, eta giza garuna eredu ona dela adimen artifizialaren eremuan gauzak ikasteko, hura kopiatzeko. Egunen batean lortuko dugu gure garuna ondo ezagutzea, eta horrek lagundu egingo dio adimen artifizialaren zientziari. Baina gure sistemek oraindik ez dute lortzen gizakiaren garunaren pare lan egitea, gizakiak lortu dituen gauzak erdiestea. Hori ere iritsiko dela uste duzu, ordea? Gorka Azkune, CAF-Elhuyar sari-banaketetan. (Elhuyar) Apustu egin beharko banu, bai: baietz esango nuke. Hala ere, gizakiek milioika urte daramatzate mundu honetan, eta adimen artifizialak 60 urte inguru soilik. Ezin ditugu konparatu milioika urtetan eginiko garapena, eta 60 urtetan zientziak eginiko aurrerapausoak. Baina azkar goaz, oso azkar. Dibulgazioko sari bat baino gehiago irabazi dituzu. Baduzu zientzia gizartera gerturatzeko kontzientzia hori, ezta? Bai, dibulgazioa beti gustatu izan zait niri. Batetik, neuk ere kontsumitu egin izan dudalako; bestetik, garrantzitsua delako guk egiten duguna herritarrei helaraztea. Zientziak azken urteetan espezializazio maila altua lortu du, eta urrundu egin da gizartetik, banandu egin gara. Hizkuntza gero eta teknikoagoa da, eta lantzen diren gaiak ere bai. Hala ere, oso garrantzitsua da herritarrek jakitea zertan ari garen; izan ere, eragin handia du horrek beraien eguneroko bizitzan. Gure bizitza ezin da ulertu aurrerapenik gabe, edozer teknologia baitago lotuta zientziarekin. Diru publikoa ere inbertitzen da zientzian, eta beharrezkoa da jendeak jakitea beraien diruarekin zer egiten den. Kulturaren eta gizartearen zati da zientzia, eta ezin dira banandu. Nire alea ipintzen saiatzen naiz lan horretan. Zientzia herritarrengandik urrundu dela diozu. Zer esparrutan egin daiteke lana distantzia hori laburtzeko? Estrategia da alde denetatik lan egitea, ezin da frente batetik soilik bultzatu. Adibidez, oso garrantzitsua da hezkuntza: txiki-txikitatik landu behar da zientziarekiko interesa, eta horrek emaitza oparoak eman ditzake. Bestalde, lan handia dago egiteko hedabideekin. Egunero telebistan irteten dena da garrantzitsua jendearentzat, hedabideen eskaintzarekin lotzen dute herritarrek gai baten pisua edo pisurik eza. Futbola, adibidez, oso garrantzitsua da guretzat, gizarte bezala, baina zergatik?: egunero-egunero hori sartzen digutelako etxean, buruan. Zientzia, berriz, ez da batere azaltzen hedabideetan, eta hor lan handia dago egiteko. Gauza asko ari dira lortzen zientzialariak: sariak, emaitzak, proiektuak. Gauza horiek ez dira egunero agertzen hedabideetan; hala balitz, jendeak, ziur aski, beste modu batera ulertuko luke zientzia. Hezkutza aipatu duzu. Uste duzu umeek aukera gehiago dituztela, gaur egun, hezkuntzaren bidez zientziara gerturatzeko? Musikara, hizkuntzetara... bideratzen dira, esaterako. Indarra gogor egin behar da oraindik. Hezkuntzan gauzak ez dira gehiegi aldatu. Irakasle bat izan dezakezu oso kontzientziatua; eta, agian, hark lagun zaitzake bizitzan bide bat edo bestea hartzen, beti gertatu izan den bezala. Baina sistema gisa, ez du pauso handirik eman zentzu horretan, tarte handia dago hobetzeko.Ume guztiek izaten dute inguruarekiko interesa, jakin-mina; gero kontua zera da, nola bidera daiteke interes hori? Hor dago gakoa eta hezkuntzak egin behar duen lana. Umeak berez dira kuriosoak, eta ez zaie eten behar soka hori: arreta horri jarraipena eman behar zaio eta saiatu behar gara zientzia erakargarri egiten. Zuri nola piztu zitzaizun grin hori? Egia esan, ezin dut arrazoi zehatz bat eman. Gogoratzen dudana da asko gustatzen zitzaizkidala animaliak, eta haien inguruko liburuak erosten zizkidala amak. Ondoren, dokumentalak ikusten hasi nintzen telebistan: animaliak, dinosauroak... Horrela, apurka-apurka astronomiaren munduarekin hasi nintzen interesatzen, eta gero eta gauzatxo gehiago aurkitu nituen. Prozesu bat izan da: zenbat eta gehiago jakin, jende gehiago ezagutu, gehiago irakurri, orduan eta gehiago gustatzen zaizu mundu hau.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide