Korputz jaien bihotz eta txinparta

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko ekainaren 2a

Igandean ospatuko dituzte Korputz jaiak Azpeitiko Enparan kaleko bizilagunek. Aizpuruk, Arangurenek, Arregik eta Elortzak 19 urte daramatzate antolaketa lanetan.

Arregi, Elortza, Aranguren eta Aizpuru, Korputz jaien antolatzaileak. (Eneritz Albizu Lizaso) Presaka-presaka iritsi dira hitzordura Enparan Kaleko jaien antolatzaileak, zeregin ugari izaten baitituzte egunero. 70 urte inguru dituzte Mila Aizpuruk, Mari Karmen Arangurenek, Maria Jesus Arregik eta Pili Elortzak; hala ere, gogoz jarraitzen dute kaleko festak antolatzen, herriko talde-eragileetan parte hartzen eta bilobak zaintzen. Duela hemeretzi urte hasi ziren haiek Korputz jaiak antolatzen, 1997an, eta ez dute atseden hartzeko asmorik. Mila Aizpuru aitzindaria izan zen festa horietan. Haren arabera, gizon koadrila batekin osatu zuen egitaraua lehen aldiz: «Zerbait berezia egin nahi genuen kaleko jendearekin, eta egitarau xume bat prestatu genuen». Lehen urtean, meza, kale-jira eta bazkaria egin zituzten. 80 bat pertsona bildu ziren jatorduan. Bazkalostean, kaleko lagun zaharrenak omendu zituzten, eta ohitura horri eutsi diote urtero.

Gazteei konpromiso eske

Pare bat urtez antolatu zituen Aizpuruk festak gizon haiekin; baina, ondoren, beste emakumeek hartu zuten erreleboa. Harrezkero, andre horiek ibili dira lanean. Gustura antolatzen dituzte jaiak, baina hutsune bat sumatu dute azken urteetan: «Orain artean bezala jarraituko dugu guk, adinekoen eguna antolatzen eta ospatzen. Hala ere, uste dugu gazteen inplikazioa falta dela gauza desberdinak egiteko». Arregik esan du «behar-beharrezkoa» ikusten duela gazteen parte hartzea Enparan Kaleko belaunaldien artean «lotura» sor dadin. Arangurenek, berriz, azaldu du saiatu zirela umeen eguna ospatzen urte batean, baina ez zutela izan arrakastarik. Horregatik pentsatzen dute «ilusio berriekin» osatutako talde batek «festa anitzagoak» egiteko gaitasuna izan dezakeela. Emakume taldea konprometitzen da lanean jarraitzera; eta, orain artean bezala, igandeko ospakizuna antolatzera. «Kalea alaitzeko beste egun bat prestatzea polita litzateke; gazteentzat, helduentzat eta umeentzat. Horretarako, beste taldetxo batek hartu behar du bere gain lana», nabarmendu dute. Antolatzaileen hitzetan, «gazte asko» joan da bizitzera Alde Zaharreko kalera azken urteetan, eta haien arreta nahi lukete piztu. Aurtengo festetarako berandu bada ere, ateak ireki nahi dizkiete bizilagunei datorren urterako. Korpuz jaiak antolatu nahi dituztenek 628-89 52 23 edo 685-70 82 69 zenbakietara dei dezakete. Bien bitartean, aurtengoan ere  beraiek prestatu dituzte festak, eta igandea iristeko gogotsu daude lau emakumeak. Bereziki eskerrak eman nahi dizkiete Irrintzi, Zelai Luze eta Basozabal elkarteei, urtero, txandaka, hamaiketakoa ematen laguntzen dietelako. Lanean jarraitzeko gogoa du, beraz, taldeak, beraiek baitira jaien bihotz eta txinparta: «80 urte egin bitartean, behintzat, hemen segituko dugu». Hala ere, espero dute datorren urtean laguntza izango dutela, eta bizilagunekin jai zabalagoak prestatzeko aukera egongo dela.

Egitaraua

Ekainak 7, igandea 11:00. Suziriak eta txistulariak, Enparan Kaletik hasi, eta Frantziskanak arte. 12:00. Meza, Frantziskanetan. Urtean zehar hildako Enparan Kaleko bizilagunak izango dituzte gogoan. 13:00. Mokadua Irrintzin. 1 14:00. Bazkaria, Baigeran. Uranga eta Etxeberria bertsolariek abestuko dute, Jauregi trikitilariarekin. Ostegunera arte eman daiteke izena Baigeran. Arratsalde bueltan. Omenaldiak kaleko bizilagun edadetuenei. Honakoak dira aurtengo omenduak: Mari Tere Aizbitarte eta bere senar Manolo San Juan, Lourdes Sudupe, Arantxa Gereta eta Kontxita Juaristi.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide