Azpeitiko XVI. Erremonte Txapelketa jokatuko dute ostiraletik aurrera

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko ekainaren 1a

Sei bikotek jokatuko dute lehiaketa, uztailaren 3a bitartean. Ostiraletan izango dira partiduak, 18:30etik aurrera, eta sarrerak bi euroren truke eros daitezke egunean bertan.

Aurkezpeneko irudia (E. Albizu Lizaso) Azpeitiko XVI. Erremonte Txapelketa jokatuko dute sei bikotek, datorren ostiraletik aurrera. Azpeitiko Udalak eta Oriamendi erremonteko enpresak antolatu dute lehiaketa, joan den urteetan bezala. Honakoak dira parte hartuko duten bikoteak: A taldean, Goikoetxea V.a eta Ion; Matxin III.a eta Zaldua; Segurola eta Aizpuru III.a. B taldean, berriz, Ansa II.a eta Agirrezabala; Matxin VI.a eta Labaka; Otaegi eta Larrañaga. Bost jardunaldi jokatuko dituzte txapelketaren baitan. Lehen hiru partiduak ligaxka bat osatuko dute, eta haietan izandako emaitzak kontuan hartuta, ekainaren 26an finalerdia jokatuko dute; eta uztailaren 3an, berriz, finala. Ostiraletan jokatuko dituzte probak, 18:30etik aurrera, eta sarrerak egunean bertan jarriko dituzte sailgai, Izarraitz pilotalekuan, bi euroren truke. Aurtengoan, gainera, zozketak egingo dituzte ikusleen artean, eta sariak banatuko dituzte. Manuel Unanue Azpeitiko Udaleko Kirol zinegoztiak esan du erremontea "indartzeko" helburuarekin prestatu dutela aurtengoan ere txapelketa: "Jendeari eskatzen diogu txapelketa ikustera etortzeko, gure ustez merezi duelako saiakerak, kirol honek aurrera egin dezan". Joan den urtean aldatu zuten partiduen ordutegia, orain artean gauez izaten baitziren; eta Unanuek esan duenez, ordu aldaketak on egin dio txapelketari. A eta B taldeko bikoteek elkarren aurka jokatuko dituzte partiduak, eta ekainaren 26an talde bakoitzeko lehen eta bigarren sailkatuek jokatuko dute finalerdia. Norgehiagoka bakoitzeko irabazleek jokatuko dute azken finala, uztailaren 3an.

Partiduak

Ekainak 5
Lehen partidua. Goikoetxea V.a eta Ion, Matxin III.a eta Zalduaren aurka. Bigarren partidua. Ansa II.a eta Agirrazabala, Matxin VI.a eta Labakaren aurka.
Ekainak 12
Lehen partidua. Goikoetxea V.a eta Ion, Segurola eta Aizpuru III.aren aurka. Bigarren partidua. Ansa II.a eta Agirrezabala, Otaegi eta Larrañagaren aurka.
Ekainak 19
Lehen partidua. Matxin III.a eta Zaldua, Segurola eta Aizpuru III.aren aurka. Bigarren partidua. Matxin VI.a eta Labaka, Otaegi eta Larrañagaren aurka.
Ekainak 26 eta uztailak 3
Finalerdia eta finala.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide