Bertan Azpeitiko Merkatari Elkarteko 40 kidek deskontu kupoien kanpaina abiatu dute, bezeroei eskaintza bereziak egiteko. Ekainaren 28ra bitartean erabilgarri dituzu deskontu kupoiak.
Herritarrek behar dutena Azpeititik atera ere egin gabe eskura izatea. Hori da Bertan Merkatari Elkartearen helburua. Azpeitiarrek Azpeitian bizi eta erostea lortu nahi dute, eta horretarako, etengabe beren eskaintza hobetzen dihardute. Ildo horretatik, Azpeitiko merkatari elkarteko kideek bezeroak fidelizatzeko hainbat kanpaina egiten dituzte urtean zehar.Azken hiru urteetan udazkenean atera dituzten Deskontu Kupoiek Urola bailarako herritarren artean izan zuten harrera ona ikusita, Bertan Elkarteko hainbat merkatarik udaberrirako ere Deskontu Kupoiak kaleratzea erabaki dute. Denera 40 merkatarik parte hartu dute egitasmoan: gehienek arropa eta oinetakoak eskainiko dituzte, beste batzuk berriz udaberriarekin zuzenki lotutako eskaintzak egingo dituzte, besteak beste kirol arropa edo loreak.
Atzo abiatu zuten kanpaina, eta ekainaren 28ra bitartean indarrean izango da. Udazkenean egin bezala, Azpeitian eta Urrestillan etxez etxe banatu dituzte 40 saltokiren deskontu kupoiak. Dena dela, merkatariek jakin badakite inguruko herrietatik ere lagun asko joaten dela Azpeitira erosketak egitera, eta horiek ere deskontuez baliatzea nahi dute. Beraz, interesa dutenek UROLA KOSTAKO HITZAren webgunean deskargatu ditzazkete deskontu kupoiak: urolakosta.hitza.eus webgunean, hain zuzen.
Zuzeneko deskontuak
Deskontu erakargarriak eskainiko dituzte datorren hilabetean Azpeitiko 40 saltoki horiek; merkatari bakoitzak bere eskaintzaren arabera moldatu du deskontu kupoia, eta beraz, bakoitzak bere deskontu propioak egingo ditu.
Bertaneko merkatariek azaldu dutenez, oso erraza da kanpainan parte hartzea. Kanpaina guztiz irekia da, eta beraz, ez da Bertan Elkarteko txartelik behar deskontuak lortzeko. Etxean jasotako katalogotik interesatzen den kupoia moztu, edo urolakosta.hitza.eus webgunetik deskargatu pdf-a eta inprimitu, eta ondoren dendan aurkeztu behar da erosketa egiten denean; besterik ez da behar zuzeneko deskontuaz gozatzeko.
Merkatarien iritziz deskontu kupoiak onuragarriak dira bi aldeeentzat; batetik salmentak igotzen laguntzen dute, eta bestetik, bezeroek produktuak eta zerbitzuak ohikoa baino merkeago jasotzen dituzte.