Erabakiak Ehuntzen ekimeneko sarrerak salgai jarri ditu Azpeitiko Gure Esku Dagok

Urola Kostako Hitza 2015eko maiatzaren 27a

Azpeitiko Gure Esku Dagoko kideak, oihalak ehuntzen. (E. Albizu Lizaso) Azpeitiko Gure Esku Dago egitasmoak salgai jarri ditu Erabakiak Ehuntzen ekimeneko sarrerak. Ekainaren 21ean egingo dute ekimena Euskal Herriko bost hiriburutan: Donostian, Bilbon, Baionan, Iruñean eta Gasteizen. Hiriburu horietan festa izango da nagusi egun horretan, eta futbol zelaian egingo dute ekitaldi nagusia. Ekitaldiaren helburua da urtean zehar ehundutako oihalekin hautetsontzi erraldoia osatzea, erabakitzeko eskubidea irudikatzeko. Gipuzkoarrek Anoetara joan beharko dute; beraz, baita azpeitiarrek ere. Sarrerak eros daitezke Gure Esku Dagok Foru Ibilbideko 7. zenbakian duen lokalean. Komeni da sarrerak erosten hastea, kopurua "mugatua" delako. Haiengatik hamar euro ordaindu beharko dituzte helduek; eta bost euro, berriz, haurrek. Sarrera eskuratzen dutenek 17:30etik aurrera hamaika ikuskizun izango dituzte Anoetan: musikariak, bertsolariak, dantzariak, danbor joleak, mosaiko erraldoia...

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide