Eneko Etxeberria botoa ematen (E. Albizu Lizaso)
EH Bilduk irabazi ditu udal hauteskundeak Azpeitian, gehiengo osoa eskuratuta. Azpeitiko udalean hamar zinegotzi izango ditu, beraz, koalizioak; eta zazpi hautetsi, berriz, EAJk. Bi talde horiek soilik lortu dute ordezkaritza udalean.
Denera, 7.311 azpeitiarrek eman dute boza udal hauteskundeetan, eta haietatik 3.760 pertsonek eman diote botoa EH Bilduri. 2.984 boto lortu EAJk. PSE-EEk 185 boto lortu ditu, eta PPk 105. Bestalde, %34,17koa izan da abstentzioa, 3.795 herritar gelditu baitira botoa eman gabe. Boto zuriak %2,31 izan dira; 166, alegia. Baliogabeak, berriz, %1,52 izan dira: 111 boz.
Atzera begira
Duela lau urte ere, gehiengo osoarekin irabazi zituen Bilduk udal hauteskundeak Azpeitian. 11 zinegotzi lortu zituen koalizioak, 4.333 botorekin. Bigarren indarra izan zen EAJ, eta bost zinegotzi eta 2.219 boz eskuratu zituen. Haiez gain, Hamaikabat alderdia izan zen Azpeitiko Udalean ordezkaritza lortu zuen talde bakarra. Zinegotzi bat sartu zuen hark erakundean, 483 bozekin.
Aralar, PSE-EE eta PP alderdiak ere aurkeztu ziren udal hauteskundeetara, baina ez zuten hautetsirik eskuratu. Denera, 7.960 boto eman zituzten azpeitiarrek, eta abstentzioa %27,89koa izan zen.
Lau urteak parez pare jartzen baditugu, boto kopuruan behera egin du EH Bilduk: 573 boto gutxiago jaso dituzte. Alderdi jeltzaleak, aldiz, gora egin du, eta 765 boz gehiago lortu ditu 2015eko udal hauteskundeetan.
Erreakzioak
Eneko Etxeberria EH Bilduko alkategaiak esan du «oso onak» izan direla emaitzak herrian: «Eskerrik asko azpeitiarrei, emandako konfiantzagatik. Orain artean bezala, gauzak ondo egiten jarraituko dugu guk». Emaitzei begiratuta, azaldu du «ohorea» izan dela lau urtez azpeitiarren alkatea izatea, eta berriro ere hala izango dela.
Eskualdeko datuei erreparatuta, Etxeberriak esan du saiatuko dela beste alderdiekin ere akordioak egiten; izan ere, «eskualdeko interesak alderdien interesak baino gehiago dira»: «Guk koloreen gainetik jarraituko dugu gure eskualdearengatik hoberena egiten».
Aitor Gorrotxategi EAJko alkategaiak ere esan du «gustura» dagoela emaitzekin. Izan ere, azaldu du duela lau urte baino mila boto gehiago jaso dituztela aurtengoan: «Gainera, zortzigarren aulkia lortzeko 33 botoren faltan soilik gelditu gara, eta horrek bi irakurketa ditu; bata, pena ematen duela; bestea, hortxe-hortxe ibili garela gu ere lehia horretan».
Urola Kostan eta Gipuzkoan, oro har, jeltzaleek eskuratutako babesa dela-eta, irakurketa egin du Gorrotxategik: «Argi ikusi da hondakinen arazoa egon den herrietan EAJk birrindu egin duela EH Bildu». Horrez gain, esan du EH Bilduk egin behar duela «barne hausnarketa», haiek galdu dituztelako boz gehienak. Foru bozei begira, EH Bilduk irabazi ditu hauteskundeak Azpeitian.
Udal hauteskundeak, zifratan
EH Bildu: botoak 3.760; hautetsiak 10.
EAJ: botoak 2.984; hautetsiak 7.
PSE-EE: botoak 185; hautetsiak 0.
PP: botoak 105; hautetsiak 0.