Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hauteskunde eguna hasi da, eta Aitor Gorrotxategi EAJko alkategaiak eta Eneko Etxeberria EH Bildukoak eman dute botoa. Gorrotxategi 10:00etan joan da bozkatzera; eta Etxeberria, berriz, 12:00ak inguruan. Haiez gain, herritar ugari izan dira goizean zehar boza ematen Azpeitian, eta ez da egon arazorik.
Gorrotxategik esan du "lasai" dagoela: "Herritarrek aukeratzen dutena onartuko dugu guk. Agintzea tokatzen bazaigu, agintzea; bestela, oposizioa egitea". EAJko alkategaiak esan du "ilusioa" sumatzen duela taldearen eta ingurukoen artean: "Erdi itzalita zegoen ilusioa ikusi dugu pizten, eta horrek nolabaiteko ilusioa egiten dit niri".
Etxeberriak, berriz, esan du uste duela "lau urtean zehar eginiko lanagatik" herritarrek beraien aldeko "apustua" egingo dutela. "Egin dugunarekin lasai dugu kontzientzia, eta uste dugu hori ikusiko dutela herritarrek", azaldu du. "Lasai" dago Etxeberria ere, eta herritarrek "hautatzeko eskubidea" dutela nabarmendu du: "Hala ere, guk herritarrei eman nahi diogun aukera da ez izatea lau urtean behin soilik bozkatzeko aukera, aldiro gurekin jarraitzea baizik. Aukera hori izango dute gugan sinisten badute".