Libre erronka jokatuko dute bihar Azpeitiko eta Azkoitiko kirolariek, bigarren urtez. Probarekin Orkatz Kultur Elkartearen egoera salatuko dute, hura ixteko arriskuan dagoela-eta. Horrez gain, kirolaren bidez, antolatzaile eta parte-hartzaileek babesa adierazi nahi diete Orkatzeko kideei ez ezik, «politikoa egiteagatik sei urteko espetxe-zigorra duten zazpi gazteei» ere.
Lau probatan lehiatuko dira bailarako bizilagunak, eta zortzi pertsonek parte hartuko dute; sei gizonek eta bi emakumek. Erronka 18:00etan hasiko da, Azpeitiko Olazko Amaren plazan, eta proba gutziak plaza horretan hasi eta bukatuko dira. Hasteko, kilometro bat egingo dute arraunean Azkoitiko Eñaut Larrañagak eta Azpeitiko Jagoba Urainek. Ondoren, korrikalarien txanda izango da: Agustin Ruiz azkoitiarra eta Xabat Manzisidor azpeitiarra arituko dira, buruz buru. Haiek 2,4 kilometro egin beharko dituzte.
Korrikalariek txanda emango diote Azkoitiko Jokin Sudupe
Pio eta Azpeitiko Gorka Agirre txirrindulariei, eta 5,33 kilometro egingo dituzte haiek gurpilen gainean. Emakumeen saioarekin bukatuko da erronka, beraz. Ainhoa Conde azkoitiarrak eta Maitane Aizpurua azpeitiarrak erabakiko dute nor izango den aurtengo edizioko irabazlea. Haiek ere, gizonek bezala, 2,4 kilometroko ibilbidea egingo dute.
Pare-parean
Lehia estua izango dela aurreikusten dute kirolariek, taldeak oso parekatuak direlako. Xabat Manzisidor azpeitiarrak eta Jokin Sudupe azkoitiarrak uste dute ez dela egongo aukerarik "alde handia" ateratzeko, eta "berdintsu" ibiliko direla bi taldeak. "Ibilbidea moztu egin dute, eta zaila da abantaila hartzea. Bizikletan ondoen egiten duenak izango du ziurrenik giltza", azaldu du Sudupek.
Sudupek ez du argi ikusten nork irabaz dezakeen, baina Manzisidorrek eman du iritzia: "Pare-parean, baina guk hartuko diegu aurre azkoitiarrei".
Adierazteko aukera
Kirolariek argi dute "injustizia salatzeko" eta "pentsatzen dutena adierazteko" aukera dela larunbateko erronka. "Herriko tabernak oraindik kolokan daude, eta hori injustizia dela salatzeko modu bat da hau", esan du
Pio-k. Azkoitiarraren arabera, bakoitzak "bere alea" jartzen du halako aldarrikapenetan, eta kirol esparrua da beraiena.
Manzisidorren hitzetan, "giroa sortzeko" eta "herritarrak biltzeko" aitzakia da erronka; horrela, Orkatzi babesa emateko. Sudupek, berriz, esan du horrelako ekintzak bide on a direla "zarata sortu", eta gertatzen ari dena "zabaltzeko".