Herritik Urrestilla arteko bidegorria egiten hasiko dira urtea amaitzerako

E. Albizu Lizaso 2015eko maiatzaren 22a

Azpeitiko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren artean finantzatuko dituzte obrak, eta milioi bat euro baino gehiago inbertituko dituzte; %25 jarriko du udalak.Azpeitiko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzarmen bat sinatu dute Azpeitiko erdigu...

Azpeitiko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren artean finantzatuko dituzte obrak, eta milioi bat euro baino gehiago inbertituko dituzte; %25 jarriko du udalak.

Azpeitiko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzarmen bat sinatu dute Azpeitiko erdigunetik Urrestillara bitarteko bidegorria egiteko. Bi erakundeen artean finantzatuko dituzte lanak, eta 1.107.953 euro inbertituko dituzte horretarako. Aldundiak lanen gastuaren %75 ordainduko du; eta udalak, berriz, gainontzeko %25. Beraz, herriko erakundeak 277.000 euro inguru jarriko ditu.

Udalak 2015eko aurrekontuetan sartu zuen proiektua, baina Batzar Nagusietan ez ziren onartu aurrekontu horiek. Hori dela-eta jo zuten aldundira, bidearen garrantzia azaltzeko. Hitzartutakoaren arabera, 2015a bukatzerako hasiko dira lanekin, eta bederatzi hilabetean amaituko dute bidegorria. Bide horrek kilometro bat eta erdi inguruko luzera izango du; eta, zabaleran, hiru metro hartuko ditu.

Landetatik Urrestillara

Arretxe baserriaren parean, Landetan, hasiko da bidea. Errepidearen ondotik joango da, ezkerretik, eta Malkorra etxetik 230 metrora egurrezko bidexka bat jarriko dute, bide zaharrera igarobidea egiteko. Bide zahar horretatik joango da bidegorria Urrestilla sarrerara, Jai-Alai jatetxe ingurura. Behin han, errepidea gurutzatuko du bideak, semaforo batek kontrolatuta. Azkenik, Urrestillako erdigunera sartu aurretik, Ibaieder igarotzeko, errepidearen ondoan hormigoizko pasabidea jarriko dute, eskuinaldetik.

«Beharrezko lotura»

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatearen arabera, hitzarmenarekin «konprometitu» egin dira bidegorria egitera eta finantzatzera: «Errealitatea izango da dirua jartzen dugulako».

«Urrestilla arteko bidegorria ez da edozein modutakoa», esan du Etxeberriak. Izan ere, haren arabera, Urrestilla herrigune «oso garrantzitsua» da, eta herritar ugari bizi dira bertan. «Bidegorria ez da aisialdirako bidegorri bat soilik, Urrestillaren eta Azpeitiaren arteko beharrezko lotura da; eta, gainera, industrialde oso garrantzitsuarekin lotzen du», nabarmendu du.

Azpeititik Urrestilla bitarteko bidegorriaren proiektua sartua dago Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Planean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide