Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Iraurgi Saskibaloi Taldeak antolatuta, Saskibaloiko II. Topaketak egingo dituzte larunbatean eta igandean, Azpeitian
c. Kiroldegian, Urola Ikastolan, Iraurgi Ikastetxean eta Perdillegin jokatuko dituzte partidak, asteburuan zehar.
2004., 2005. eta 2006. urteetan jaiotako gaztetxoek har dezakete parte topaketa horietan, eta 46 taldek jokatuko dituzte partidak, lau multzotan banatuta. Parte-hartzaileen artean dira Burlada, Lagunak, Balmaseda, Easo, Ordizia eta Ointxe Arrasate taldeak.
Iazkoa izan zen ISBk topaketak antolatu zituen lehen aldia. Orduan, Euskal Herriko eta Kantabriako (Espainia) taldeek hartu zuten parte. Antolatzaileen arabera, parte-hartzaileek «esker onez» erantzun zuten joan den urtean, eta erabaki dute errepikatu beharreko esperientzia dela topaketena. Klubek «egutegian apuntatu beharreko derrigorrezko jarduera» izan dadin lanean «gogor» aritu dira ISBkoak. Hori dela-eta, azpeitiarrei dei egin diete asteburuan partidak ikustera eta gaztetxoak animatzera joatera.
Kadeteen hitzordua
Azpeitian topaketak egiten dituzten bitartean, Gerdau ISBko kadete neskek Espainiako txapelketako probak jokatuko dituzte asteburuan. Horretarako, Leonera (Gaztela-Leon, Espainia) bidaiatuko dute Luis Agirrek entrenatzen dituen neskek.
Madrilgo Estudiantesen, Kataluniako Sant Adriaren eta Valentziako BC Genoves taldeen aurka jokatuko dute, igandean, astelehenean eta asteartean. Gerdau ISB taldeko neskak Euskadiko txapeldunak dira.