Alaitz Olaizola: "Zirrarak sortzeko asmoa daukagu antzezlan berri honekin"

Eneritz Albizu Lizaso 2015ko mai. 20a, 16:38

Alaitz Olaizolak idatzi eta zuzendu du ostiralean, emakumeen ikasturte bukaerako jaiaren harira, Azpeitiko Emakumeen Antzerki taldeak estreinatuko duen 'Punto, ta punto' obra. Orain artekoekin alderatuta "desberdinena" dela uste du hark.

Azken hamabi urteetan, urtero estreinatu duzue obraren bat maiatzaren hirugarren astean. Egun berezia al da zuentzat? Guretzat egutegian markatutako eguna da. Izan ere, urte guztian mimo handiz landu duguna herritarrei erakusteko unea da. Hamabi ikasturte igaro dira, eta denetik dugu taldean: hasieratik gurekin dauden emakumeak, Mari Karmen Borda, adibidez; eta aurpegi berriak. Jendea joan eta etorri egiten da, baina guk indartsu jarraitzen dugu. Punto, ta punto jarri diozue izena obrari. Azpeitian oso erabilia da 'ta punto' esapidea. Zer islatu nahi izan duzue? Emakume baten bizitzaren inguruan hausnarketa egin eta eginarazi nahi dugu, eta izenburuak lotura du horrekin. Emakumearen bizitza aztertzen hasiko gara, eta ikusiko dugu pertsonek zenbateraino dugun erabakiak hartzeko eskubidea, edo intimitatea izatekoa. Antzerkiak ematen du aukera kontatzen duguna gure herriarekin lotzeko, Azpeitia herri txikia delako, eta hemen denok elkar ezagutzen dugulako.Ea gogoetarako eta eztabaidarako plaza izan daitekeen. Zer generotan kokatuko zenuke lana? Denetik du apur bat. Izan ere, horixe da gure estiloa. Umorea du; baina, osotasunean, tragedia izan daiteke istorioa bera. Momentu maitagarriak eta hunkigarriak ere baditu. Berezitasunen bat nabarmendu daiteke? Berezitasunak baino gehiago, beste lanekin alderatuta, desberdintasunak dituela uste dut. Izan ere, bereziak obra denak izan dira. Taularatzea desberdina izango da, eta lana egiteko modua ere hala izan da. Nabarmendu nahi dut antzezleen partaidetza: ekarpen asko egin dituzte. Nik ideiak jarri ditut mahai gainean, eta beraiek garatu dute istorioa. Talde lan espiritu handia izan dugu. Afizioagatik aritzen zarete antzerkigintzan. Nola moldatu zarete lan eta ikasketetatik kanpo entseguak egiteko? Ostiraletan bi orduz entseatu ohi dugu, oro har. Hala ere, azken boladan, ordu gehiago sartu ditugu. Gaur [atzo], adibidez, goizeko bederatzietan gelditu gara entsegua egiteko. Azken aste hauetan zehaztapenak fintzen ari gara, ilusioz. Zer eskainiko diozue publikoari ostiralean? Azpeitiko ikus-entzuleak oso leialak dira, beti daude hor, eta guretzat aukera mundiala da berriro haien aurrean egotea. Ostiralean etorriz gero, une atsegina igarotzeko aukera izango dute. Zirrarak sortzeko asmoa daukagu antzezlan berri honekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide