EAJko zerrendakideak eta GBBko lehendakari Egibar. (E. Albizu Lizaso)
"Artzek esan ohi zuen iturri zaharretik beti ur berria irteten dela. Gure taldea ere halakoa da; talde zaharra, baina jende berriarekin", hala azaldu du Joseba Egibar Gipuzkoa Buru Batzarreko lehendakariak. Hark babesa adierazi dio Aitor Gorrotxategi Azpeitiko EAJko alkategaiari, eta nabarmendu du "garai berri bati ekiteko prest" dagoela haren taldea. Egibarren arabera, "bakea", "errespetua" eta "elkarbizitza" izango dira garai berri horren gakoak.
Bestalde, Azpeitiko EH Bildu kritikatu du GBB lehendariak, "proiekturik gabeko herriaren" erantzule gisa definitu du. "EH Bilduren leloa kontzeptu bat da, 'Garaile'; menpekoa eskatzen du horrek. Garaile zerren aurrean? Nor du azpian garaileak? Nor dominatzen du?". GBBko lehendakariaren arabera, Gorrotxategik irabaziz gero, azpeitiar guztien alkatea izango da, eta ez dira "garaileak" eta "galtzaileak" egongo herrian.
Aitor Gorrotxategi alkategaiak, berriz, esan du "erronka handia" dela aurrean duena, baina "azpeitiar guztien alkatea" izateko helburuarekin ari dela lanean. Beste behin nabarmendu du bera "taldeko entrenatzailea" izango dela, eta "berreskurapen ekonomikoa" eta "bizikidetza" izango dituela helburu.