Ekitaldi ugari antolatu dituzte ostiral arratsalderako, eta kultura, kirola eta mokadua uztartu dituzte. Afarirako txartela eros daiteke dagoeneko udaletxean edo Emakumeen Txokoan.
Iritsi da unea plazaratzeko urtean zehar emakumeen jabetzeari begira eginiko lana; eta, urtero legez, ikasturte bukaerako jaialdia ospatuko dute Azpeitian. Emakumeen Mahaiak eta udaleko Parekidetasun Sailak antolatu dute egitaraua, eta helburuak dira ikasturtean zehar emakumeen jabetzea bultzatzeko ikastaroetako emaitzak kaleratzea eta jai giroan gozatzeko aukera izatea.Herriko emakume guztiak gonbidatu dituzte festan parte hartzera, eta azaldu dute «denetik» egiteko aukera izango dela ikasturte bukaerako festan. Esate baterako, kirola, antzezlanak, musika eta jatorduak uztartuko dituzte.
Beste urteetan bezala, emakumeen afaria egingo dute Sanagustin kulturgunean, eta dagoeneko salgai daude txartelak. 20 euroren truke eros daitezke udaletxean, 09:00etatik 14:00etara, edo Emakumeen Txokoan 16:30etik 20:00etara, astegunetan; eta 10:00etatik 13:00etara, larunbatean.
Datu onak
Zifra onak utzi dituzte aurtengoan Emakumeen Txokoak eta haiek antolatutako tailerrek eta topaketek. Izan ere, «hainbat jatorri, adin eta eremutako 400 emakumek baino gehiagok hartu dute parte ekintzetan».
Ordezkarien arabera, ekintza arrakastatsuenak «parte hartze, sentsibilizazio eta integraziorako» egitasmoak izan dira; batez ere, «erakusketak eta hitzaldiak». Horiez gain, «jabetze eskoletako ikastaroek» ere harrera ona izan dutela esan dute.
Harrera eta kontsulta zerbitzuak ere gero eta gehiago erabiltzen dituztela nabarmendu dute.
Urtero bezala, Azpeitiko Emakumeen Antzerki Taldeak ere beraien obra estreinatuko du ostiralean. Hamabigarren urtea da berientzat, eta Punto, ta punto lana taularatuko dute.