Lana, esfortzua eta jarrera. Hiru ezaugarri horiek definitzen dute Zurt ISB saskibaloi taldea, Joseba Lizarralde Rubio entrenatzailearen arabera. "Historikoa" izan da Iraurgiko senior neskek lortutako erronka; izan ere, Espainiako Bigarren Mailara igo dira.
Asteburuan jokatu dute igoera fasea, eta hiru partidetatik hiru irabazi dituzte Iraurgi Saskibaloi Taldekoek. "Asteburu honetan herrian bizi izan duguna izugarria izan da", esan du Lizarraldek. Haren arabera, "nesken kirolean" ez da horrelako "ilusiorik" inoiz piztu Azpeitian, eta hori baloratu egin behar da. "Kiroldegia bete dute herritarrek asteburuan, eta nik bereziki eskerrak eman nahi dizkiet gu animatzen ibili direnei, oso garrantzitsuak izan baitira", nabarmendu du.
Ostiraletik hasi, eta igandea bitartean, hiru partida jokatu dituzte Zurt ISBko neskek, honako aurkarien kontra: Lugoko Duran Maquinaria Ensino, Donostiako Bera Bera eta Kataluniako San Adria. Banaka-banaka proba guztiak irabazi badituzte ere, azken norgehiagoka jokatu arte ez zuten argi Zurt ISBkoek mailaz igoko ote ziren edo ez. 72 eta 64arekin bukatu zuten azkena, eta horrela hasi zen ametsa.
Orain artean, Euskal Herriko eta Errioxako taldeen aurka jokatu dute Iraurgi Saskibaloiko neskek, eta estatu mailan mugitzen hasiko dira hemendik aurrera. Lizarraldek badaki "maila aldatu" egingo dela, baina "lasai" dago horregatik, "oso jokalari onak" dituztelako taldean. "Lana egiteko modua ere aldatu egingo da: bidaiak, entrenamenduak... hemendik aurrera, gainera, babesa jasoko dugu beste taldeetatik", esan du entrenatzaileak. Hala ere, "oso argi" dute taldekideen %80, behintzat, Azpeitikoak eta Azkoitikoak izango direla.
Harrobi garrantzitsua
Mailaz igota ere, harrobia zaintzen jarraituko dute Iraurgi Saskibaloi taldean. "Zorion mezu ugari iritsi zaizkigu Euskal Herri osotik, eta esan digute eredugarriak garela, harrobia horren ondo zaintzeagatik", hala azaldu du
Rubio-k.
Denboraldian zehar ere erakutsi dute bertako jokalariek zer garrantzia duten beraientzat; izan ere, juniorrak izan dituzte lagun partida guztietan, eta denen artean atera dute aurrera Zurt ISBren balentria. Hiru lesiorekin hasi zuten denboraldia seniorrek, «kezkatuta», eta helburu gisa jarri zuten «denen artean» aurrera egitea. Gaur egun, Espainiako Bigarren Mailan daude, zazpi denboralditan mailaz hiru aldiz igo den talde sendo batekin, eta jakinekoa dirudi estatu mailako probetan ere buruko minak ematen segituko dutela.
Bestalde, Aranur ISB taldeak brontzezko domina eskuratu du Guadalajaran (Gaztela-Mantxa, Espainia) jokatutako Espainiako txapelketan. Azpeitiko Udalak harrera egin zien bi taldeei igandean, udaletxean, eta Eneko Etxeberria alkateak zorionak eman zizkien kirolariei.