Espainiako Bigarren Mailako taldea da Zurt ISB

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko maiatzaren 17a

Igoera fasean hirutik hiru partidu irabazi ostean, Espainiako Bigarren Mailako taldea da Zurt ISB. "Honelako herri batean, herritarrekin osatutako talde batek hau lortzea izugarria da. Historikoa da", esan du hunkituta Joseba Lizarralde Rubio senior emakumeen taldeko entrenatzaileak. 72 eta 64 irabazi du Zurt ISB-k igoera faseko azken partidua, Ensino de Lugo talde galiziarraren kontra. Beraz, hirutik hiru garaipen bilduta, Espainiako Bigarren Mailan lehiatuko da Iraurgi Saskibaloi elkarteko senior emakumeen taldea. Orain artean, Euskal Herriko eta Errioxako taldeen aurka jokatu dituzte norgehiagokak Zurt ISBko neskek, eta estatu osoko taldeen aurka lehiatzera pasatuko dira irailetik aurrera. Gaur bertan egingo diete harrera Zurt ISB taldeko jokalari, entrenatzaile eta laguntzaileei, Azpeitiko udaletxean, 18:30ean. Haiekin batera, Aranur taldeko juniorrak ere omenduko dituzte, brontzezko domina eskuratu dutelako Espainiako txapelketan.

Partidu gogorra

Partidua oso berdindua izan da lehen bi laurdenetan, behintzat. Lehen zatia bukatzean, Ensino de Lugo taldea zen aurretik, hiru punturen abantailarekin (24-27). Bigarren laurdenaren amaieran, berriz, etxekoek hartu dute aurrea, 39-35. Lehia oso estua izan da uneoro, eta berdinduta ere egon dira bi taldeak, behin baino gehiagotan. Hirugarren laurdenean lortu du abantaila polita Zurt ISB taldeak. Zati hori bukatzerako, 11 puntuko aldea zuten Joseba Lizarralderen neskek (59-48). Kiroldegian bazirudien norgehiagoka irabazia zutela neskek, baina harmailak urduri jarraitu du azken unera arte. Azken laurdenean nagusi izan dira Zurt ISBko neskak; eta joko ona egin dute, lasai, akatsak egitea saihestuz. Partidua bukatzeko bost minuturen faltan, hamairu puntu aurretik zihoazen Azpeitiko eta Azkoitiko neskak; 70-59 bi minuturen faltan, eta 72 eta 64 irabazi dute etxekoek, azkenean. Giro bikaina izan da kiroldegian, eta ez dira falta izan besarkadak, negarrak, irribarreak eta zorion agurrak. Ametsa egia bihurtu dute, beraz, Zurt ISBko neskek, zerua ukitu dute, beraien eskuekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide