Zurt ISB-k igoera fasea jokatuko du Espainiako Bigarren Mailan lehiatzeko

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko maiatzaren 15a

Momentu gozoak ari da bizitzen Azpeitiko eta Azkoitiko Iraurgi Saskibaloi Taldea. Izan ere, punta-puntako taldeak ditu ia maila guztietan, eta emaitza onak lortzen ari dira Euskal Herrian eta Espainian. Emakumeen kirola hobekien zaindu eta sustatu duen taldeetako bat da Iraurgi SB, eta esfortzua fruituak ematen ari da denboraldi amaieran. Zurt Taberna ISB taldeak Espainiako Bigarren Mailako igoera fasea jokatuko du asteburuan. Gaur, larunbatean eta igandean izango dira partidak, Azpeitiko kiroldegian. Gaur egun, Euskal Herriko eta Errioxako taldeen aurka jokatzen dute Nesken Lehen Maila deituriko ligaxkan, eta jokoan dute Espainiako Bigarren Mailara igotzea, eta estatu osoko taldeen aurka lehiatzea. (Argazkia: Iraurgi SB) Espainiako Bigarren Mailan ez dago, oraingoz, talde gipuzkoarrik. Igoera lortuz gero, bakarra izango litzateke Iraurgikoa. Sant Adria, Segle XXI edo Estudiantes bezalako taldeak daude liga horretan. Gainera, oro har, handik eta hemendik fitxatzen dituzte haiek jokalariak, eta Zurt ISB da bertako kirolariekin osatutako talde bakarrenetakoa. Ihintza Lizarazu taldeko kapitainak azaldu du «amets bat» litzatekeela beraientzat mailaz igotzeko aukera izatea. «Espainiako Bigarren Maila beste mundu bat da, eta beste prestakuntza bat eskatzen du. Guztion nahia da hori probatzea», ziurtatu du hark. Denboraldi «bikaina» egin dutela uste du Lizarazuk, eta horretan asko lagundu diete junior neskek: «Denboraldia hiru jokalari gutxiagorekin hasi genuen, belauna hautsi baitzuten. Juniorrek gurekin jokatu eta entrenatu dute, eta behar izan dugun guztietan egon dira gurekin». «Partidaz partida» egin diote aurre denboraldiari Zurt ISBko neskek, eta horrela iritsi dira azken txanparaino. Azpeitian jokatzeak «presio puntua» sorrarazten diela aitortu du taldeko kapitainak; baina, bestalde, uste du klubak eginiko lanagatik saria dela: «Berez, kanpora joatekoak ginen, baina gauza handiak egiten ari dira Iraurgiko neskak, eta hemen egitea erabaki zuten. Afizioak eta taldeak merezi du halako bukaera bat». Beraz, «ondo pasatzea» eta besteei «sufriaraztea» izango da helburu nagusia Zurt ISB taldeko neskentzat. Ez dakite zer gertatuko den, «jokatu arte» ezin delako «ondoriorik artera». Hala ere, zaleei eskatu diete animatzera joateko: «Ea oraingoan kiroldegia betetzen dugun». Juniorrak Guadalajaran Seniorrez gain, juniorrak ere aurkariak birrintzen ari dira han eta hemen. Aranur ISB taldea Espainiako txapelketa jokatzen ari da egun hauetan Guadalajaran (Gaztela-Mantxa, Espainia). Dagoeneko lau norgehiagoka jokatu dituzte han, eta finalerdirako sailkatu dira, lau garaipenekin. Atzo jokatu zuen Aranur ISBk azken partidua, San Adria talde kataluniarraren kontra, eta gaur bertan jokatuko dute finalerdia. Gaurko lehia irabaziz gero, bihar izango da Aranur ISBko neskentzat finala. Kadeteek ere Espainiako txapelketa jokatuko dute, datorren igandetik aurrera. Leonen (Gaztela-Leon, Espainia) izango da lehia, eta astebetez izango dira han Gerdau Azkoitia ISBko neskak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide