Azpeitiko EH Bilduko kideak. (Azpeitiko EH Bildu)
"Parekidetasunean, justizia sozialean, bizikidetzan, euskaltzaletasunean, eleaniztasunean, elkartasunean, aniztasunean, kultur sorkuntzan eta elkarlanean" oinarritutako programa aurkeztu du Azpeitiko EH Bilduk Azpeitiko Alkartetxean. Koalizioko ordezkariek esan dutenez,
"herritarren ekarpenekin" eginiko proposamena da aurtengo udal hauteskundeetarako programa: 350 herritar baino gehiagok eman dute iritzia hamasei batzar ireki eta hamarnaka bileratan. Hala ere, esan dute "dinamikoa" dela programa hori, momentu oro ekarpenak jasotzen ariko direlako. Horrez gain, eragileekin grabatutako bideoa aipatu dute, esker onez, eta esan dute saiatuko direla guztiei erantzuna ematen.
"Epe motzeko, ertaineko eta luzeko" proiektuak proposatzen dituztela esan dute EH Bilduko ordezkariek, eta nabarmendu dute 2025 Plan Estategikoarekin, Azpeitiak aukera duela erabakiak "taxuz eta etorkizunari begira" hartzeko.
"Gure apustua eta konpromisoa lana egiteko moduan dago, elkarlana eta estrategia dira gure erabakiak hartzeko irizpideak", adierazi zuten.
Bost puntutan banatu ditu helburuak koalizioak:
1. Ekonomia sustatzeko neurri zehatzak: "Kalitatezko enplegua sortzea" da beraien apustua. Izan ere, gaur egun, sortzen diren lanpostuen kalitateak kezkatzen ditu gehien EH Bilduko kideak. "Tokiko garapenaren aldeko apustua" egingo dutela ere esan dute, eta jarraitu egingo dutela sustapen ekonomikorako laguntzak ematen.
2. Eskubide sozialak bermatzeko konpromisoa: "Pertsonetan oinarritutako herria" eraikitzen jarraituko dutela azaldu dute, "duintasunez bizi daitekeen herria" izan dadin Azpeitia. Horretarako, oinarrizko gutxiengoak bermatuko dituztela esan dute: "Denok dugu duintasunean bizitzeko eskubidea, eta hori erakundeen betebeharra da".
3. Ingurumena zaindu eta babestea: "Azpeitia bera" eta "bere ondarea" zaindu behar direla nabarmendu du koalizioak. Horretarako, zenbait apustu finkatu ditzute: kaleen oinezkotzea, energia garbiak, hondakinen sistema berria...
4. Azpiegiturak herritarren beharretara egokitzea: Herritarrei beharrezkoak dituzten azpiegiturak eskainiko dizkietela adierazi dute. Soreasu aipatu dute, besteak beste; baita herriko sarrera edo aparkalekuak ere.
5. Demokrazia eta erabakitzeko eskubidea: EH Bilduk esan du arlo horretan "demokrazia oinarri duen gizartea" eraikitzea izango duela xede. Erabakitzeko eskubidearen aldeko apustua ere egiten du koalizioak. "EH Bilduk elkarbizitza izango du ardatz agintaldi berrian", azaldu dute. Horretarako, edozer biolentziak eragindako biktimen aitortza egiten jarraituko dute, koalizioaren arabera.
Hori guztia gauzatzeko, lana egiteko modu bat finkatu du lantaldeak: elkarlanean eta estrategian oinarritutako modua. Hori horrela,
udaleko baliabideak herritarren esku jartzen jarraituko dutela esan dute. Bestalde, ziurtatu dute
gardentasuna bermatuko dutela, eta
elkarrekin lana egiteko guneak ere indartuko dituztela hitzeman dute: batzordeak, mahaiak, auzo alkateak, aurrekontuak osatzeko bilerak eta abar. Horrez gain, estrategiarekin lana egingo dute, 2025 Plan Estrategikoa xede izanda. Astelehenean banatuko dute etxez etxe programa.