Patagoniako Hoste irlako glaziarrak ikertuko dituzte Joxe Takolo bekarekin

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko maiatzaren 14a

Eñaut Eizagirre, Evan Miles eta Ibai Rico izan dira bekaren irabazleak, eta glaziarren ikerketarekin ekarpena egin nahi diote gune hartako kartografiari eta glaziazioen garapenaren inguruko ikerketei.

Joxe Takolo bekaren banaketa. Argazkian, Udal ordezkariak, Takoloren senide eta lagunak eta proiektuko bi ikerlari: Miles eta Rico (E. Albizu Lizaso) Joxe Takolo beka banatu diete Eñaut Eizagirreri, Evan Milesi eta Ibai Ricori. Incognita de Patagonia egitasmoa aurkeztu zuten haiek, eta batzordean aho batez onartu dute espedizio horri diru-laguntza ematea. 40 egunetan Patagoniako Hoste irla ikertuko dute, inguru haietan "gutxien ezagutzen duten" irla delako. Glaziarrak ikertzea da, batik bat, hirukotearen helburua; baina, horrekin, kartografiari ere ekarpena egin nahi diote. "GPSarekin joango gara, eta mapa bat-edo egitea nahiko genuke ikertutakoarekin", esan du Ibai Ricok. Beraientzat toki berezia da Hoste; izan ere, "Patagoniak dituen ezaugarri gutziak batzen dituen gunea" da: "Haize zakarra, olatu handiak, tenperatura muturrekoak…". Beka eskuratu duten ikertzaileen arabera, klimak asko aldatu du glazioazioen egoera, eta hori ere aztertu nahi lukete Hoste irlan. Lehendik ere ikerketak egin izan ditu hirukoteak inguru haietan, esate baterako, Darwin mendilerroetan. Abuztu amaieran izan zuten hirurak halako proiektu bat gauzatzeko ideia, eta abenduan hasi ziren serio hori zehazten. Azaldu dutenez, azken ikerlaria 1890an izan zen leku horretan; eta, gainera, izarren inguruko azterketak egin zituen hark. Joxe Takolo bekarekin, 3.000 euro eman dizkie hirukoteari Azpeitiko Udalak, Lagun Onak Mendi Bazkunak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Euskal Herriko Mendi Federazioak. Irabazleek azaldu dutenez, beka horren hirukoitza beharko dute egitasmoa gauzatzeko, "baliabide asko eta garestiak" behar idtuztelako. Hala ere, "bultzada handia" izango da beraientzat Joxe Takolo beka. Hirurek egingo dute bidaia, eta kayak izeneko txalupetan gerturatu nahi dute ikerlanaren eremura.

Hamaika mendizaleren beka

Eneko Etxeberria alkateak, Manuel Unanue Udaleko Kirol zinegotziak eta Joxe Takoloren senide eta lagunak izan dira bekaren banaketan. Alkateak esan du Udalarentzat sari garrantzitsua dela Joxe Takolo beka, Takolorena ez ezik Azpeitiko hamaika mendizaleren beka ere badelako. Esate baterako aipatu ditu Benantxio Irureta eta Beñat Arrue, mendian hildako azpeitiarrak: "Haien izenean ere ematen dugu beka hau". Bekaren irabazleek, bestalde, eskerrak eman dizkiete antolatzaileei, beraien ametsean "sinisteagatik".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide