Azpeitian, menditik zinemara

Eneritz Albizu 2015eko maiatzaren 14a

Lagun Onak Mendi Bazkunak, Sokaitz eskalada elkarteak, Ta3 zine klubak eta Sanagustin kulturguneak antolatu dute egitasmoa, eta Azpeitiko Udalak babestu duMendi Astea ospatuko dute Azpeitian maiatzaren 24tik 31ra bitartean Lagun Onak Mendi Bazkunak, So...

Lagun Onak Mendi Bazkunak, Sokaitz eskalada elkarteak, Ta3 zine klubak eta Sanagustin kulturguneak antolatu dute egitasmoa, eta Azpeitiko Udalak babestu du

Mendi Astea ospatuko dute Azpeitian maiatzaren 24tik 31ra bitartean Lagun Onak Mendi Bazkunak, Sokaitz eskalada elkarteak, Ta3 zine klubak eta Sana- gustin kulturguneak antolatuta, udalaren laguntzarekin. Aurtengoan, zenbait berezitasun izango ditu mendi asteak; izan ere, Bilbao Mendi Film jaialdiko pelikula onenak eskainiko dituzte Soreasun. «Beti saiatu izan gara herrira ekartzen zinemaren inguruko kalitatezko proiekzioak, eta orain dela hiru urte lortu genuen Pura Vida Soreasun jartzea, baina horri jarraipena ematea kostatu zaigu», azaldu du Aitor Unanue Lagun Onak Mendi Bazkunako lehendakariak. Aurtengoan lortu dute aukera zabala eskaintzea azpeitiarrei. Kepa Urbieta Sanagustin kulturguneko ordezkariak nabarmendu du proiektatuko dituzten filmek eta laburmetraiek duten kalitatea, eta esan du bailaran halako pelikulak ikusteko aukera dagoen lehen aldia dela.

Hala ere, Txalintxora egingo duten irteerarekin hasiko da Mendi Astea herrian. Haurrentzat prestatutako txangoa da hori, eta hilaren 24an, igandez, irtengo dira, 09:00etan plazatik abiatuta. Maiatzaren 26an eta 28an jarriko dituzte filmak. Maiatzaren 26an, asteartean, Valley Upriding eta Afterglow filmak emango dituzte.

Maiatzaren 28ko txandan, lau film motz eskainiko dituzte; haien artean, Sati, mendi film onenaren saria eskuratu duena, eta Duct Tape Surf, film labur onenaren saria lortu duena. Pelikulak jatorrizko bertsioan emango dituzte, eta euskaraz azpidatzita egongo dira. Gutxi gorabehera, ordu eta hiru laurden iraungo du saio bakoitzak, eta bost euroko prezioa izango dute bi txandek. Nahi dutenek bonoa eskuratzeko aukera izango dute Lagun Onak Mendi Bazkunan edo Sanagustin kulturgunean, zortzi euroren truke. Internet bidez ere eros daitezke sarrerak eta bonoak, Sanagustinen webgunean.

Mendi asteari amaiera borobila emateko, urtero legez, Xoxoteko Eguna ospatuko dute maiatzeko azken igandean; hilaren 31n, hain zuzen. Hara joateko ere, 09:00etan jarri dute hitzordua, herriko plazan. Han erromeria egongo da egun osoz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide